«Emakumea erdigunean jarri nahi izan dut, eta kirol minoritarioei behar duten indarra eman»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 11a, 00:00
Iñaki Vergara atzo, Erriberan erakusketa jarri aurrertik, Kronikarako elkarrizketan.

Emakumezkoen kirolak bizi duen errealitatea plasmatzeko, 'Emakumeak eta Kirola' erakusketa sortu du Iñaki Vergarak eta hilaren 30era arte dago ikusgai, Erriberan.

Atzo arratsaldean Emakumeak eta Kirola izeneko erakusketa ireki zen estreinakoz Astigarragako Erribera kulturgunean. Iñaki Vergara iruindarraren lan honek, helburu du emakumezkoen kirolak bizi duen errealitatea plasmatzea eta horrez gain, gizartearen beste arlotan geratzen den moduan, «aurki dezakegun berdintasun eza erakustea ere» gaineratu du egile iruindarrak.

Emakumeak dira Iñaki Vergarak sortutako erakusketan erdigune, izan ere, egileak emakumezkoek kirolean egiten duten esfortzua mahai gaineratu nahi izan du: «argazkietan mota guztietako emakumeak agertzen dira, eta mota guztietako kirol minoritarioak. Gaur egun oraindik badirudi, gizonezkoen kirolak indar gehiago duela, eta argazki hauekin ideia hori baztertu nahi izan dut, emakumea erdigunean jarriz eta kirol minoritarioei behar duten pisua emanez».

Emakumeen inguruko erakusketa bat egitea zen iruindarraren aspaldiko nahia eta lan haundi baten ostean hau aurrera eramatea lortu du; «Emakumea eta Kirolak erakusketa bururatu zitzaidan, azken aldian, emakumeen inguruko borroka presente izan nahi nuelako eta hau nolabait gizarteari helarazi nahi niolako. Miradas de mujer erakusketa ere egin nuen eta bertan emakumeen begiradak ziren protagonista».

Astigarragako Erribera kulturguneko erakusketa gela emakumeen argazkiz bete da, eta argazki hauetan aipatu moduan emakume ugari ateratzeaz gain,  kirol minoritarioei ere ematen zaie indarra;  «Kirol minoritarioei errekonozimendu bat egin nahi nien, esaterako: esku pelota, eskubaloia…  Kirolaz gain, emakumeak erdigunean jarri nahi nituen, eta hauen errebindikazioan lagundu nolabait». Emakumeen egunerokotasuna erakusten dute argazkiek; emakumeen gaitasunak, teknika, sufrimenduak, talde lana... Horrez gain, argazki oinak ere badadue, eta bertan emakumezkoen kirolak bizi dituen hainbat egoera salatzen dira, hauei aitortza bat eginez; «argazkien azpian, hitzak daude, eta hitz hauek esaldi errebindikatiboak osatzen dituzte». Artista Iruindarrak azaldu du bere klasekide zen Fernando Urra kazetariak egin dituela testuak; «batera ikusi genuen, eta oso lagunak ginen. Hainbat arrazoirengatik gure bideak banatu egin ziren, gaur egun arte. Proiektu honek elkartu egin baigaitu».

Vergarak dio, Fernandok emakumeen borrokaren inguruko testuak lantzeko gogoz zegoela. Hori kontutan izanik, artista iruindarrari Emakumeak eta Kirola erakusketa batera egitea otu zitzaion; «ni argazkiez eta gainontzekoaz arduratu naiz, eta Fernandok testuak egin ditu.  Oso testu osatuak dira, errebindikatiboak, benetan islatzen da emakumeen borroka eta hauek sufritzen dutena, oso lan ona iruditzen zait».

Emakumezko helduekin osatu du erakusketa Iñaki Vergarak; «seriotasuna nahi nuen, azkenean haur edo gaztetxoak agertzen badira argazkietan, sakrifizioaren kutsua galdu dezake. Beraz, 18 eta 20 urtetik goragoko emakumeen argazkiak txertatu ditut erakusketan, maila altua erakusteko nolabait». Urumea bailarako emakumezkoak ez ezik, Euskal Herriko hainbat emakume jarri ditu erdigunean, kirola egiten dauden momentua izoztuz; hala nola, «Zarautzeko neskak eskubaloira jokatzen, Gasteizekoak...».

Iñaki Vergarak herritarrak gonbidatu nahi izan ditu Emakumeak eta Kirola erakusketara; «ikusi dezaten emakumeen indarra garai ezina dela».

 

Atzotik, hilaren 30era arte

Atzo egin zen Emakumeak eta Kirola erakusketaren irekiera ofiziala, eta astigartarrek zein Urumea bailarako biztanleek aukera izango dute bertaratzeko astegunetan honako ordutegian: goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:00ak arte, eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00ak arte. Horrez gain, bizi dugun egoera kontutan izanik, Erribera kulturguneak argi azaldu du momentuan dauden segurtasun neurriak erabiliko direla, beraz erakusketara bertaratu ahal izateko maskarilaren erabilpena beharrezkoa izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!