Emakume kirolariei ikusgarritasuna emateko, hilabete osoko programazioa Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 7a, 00:00

Emarri taldeari buruzko dokumentala jarriko dute ostiral honetan Erriberan, eta mahai ingurua izango da ondoren.

Makina bat ekintza prestatu dituzte Udaleko Berdintasun eta Kirol Sailek: «emakume kirolarien kopurua gorantz egiten ari den arren, oraindik ere badaude gainditu beharreko hainbat zailtasun, kirol arloan», nabarmendu dute.

«Urteak» dira, emakume kirolariei «ikusgarritasuna» eman nahian dabilela Astigarragako Udala, nabarmendu duenez; eta bide horretan, Emakumea eta kirola hilabete osorako programazioa prestatu dute Ber­dintasun eta Kirol Sailek, irai­lean. «Emakume kirolarien ko­purua gorantz egiten ari den arren, oraindik ere badaude gain­­ditu beharreko hainbat zail­tasun, kirol arloan», adierazi dute. Eta bi oztopo nagusi azale­ratu dituzte: «alde batetik, zuzeneko bazterkeria egoerak jasaten dituzte hainbat kirolarik eta emakumeen taldeek. Eta bestetik, nerabezaroan, unibertsitate garaian edota ama izandakoan, kirola uzten dute emakume ugarik».

Errealitate horri aurre egiteari begira, makina bat ekintza prestatu dituzte, eta doakoak izango dira denak. Larunbatean eman zioten hasiera, senior mailako futbol partiduarekin, Zarkumendegin: Astigarraga eta Oiartzun aritu ziren.

Erakusketaren inaugurazioa eta dokumentala, ostiralean
Ostiral honetan izango du segida programazioak, zita bikoitzarekin, Erribera kulturgunean. Aurrena, Emakumea eta kirola erakusketa inauguratuko dute, arratsaldeko 18:00etan. Iñaki Vergara Perezen argazki erakusketa da, eta irailaren 30era arte egongo da ikusgai: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara. Argazki horiekin, egileak erakutsi nahi du «emakumezkoen kirolak bizi duen errealitatea, eta bertan, beste arloetan gertatzen den moduan, aurki dezakegun berdintasun eza». Emakumeen egunerokoa erakusten dute argazkiek: gaitasuna, teknika, sufrimendua, talde lana... Eta testuekin, salatuko ditu emakumeen kirolak bizi dituen hainbat egoera: aitortza, erabaki postuetan presentzia eza, hedabideen arreta exkaxa... Gainera, gune berezi bat izango dute Astigarragako emakume kirolariek, erakusketan bertan.

Erakusketak iraun bitarte­an, Herri Eskolako ikasleek ere egingo dute bisita bertara, eta Astigarragako bi kirolari profesionalekin berriketan aritzeko aukera izango dute: bere bizipenak kontatuko dizkiete Oihana Blanco judokak eta Olatz Alkorta piraguistak, eta ikasleen galderei erantzungo diete.
Erakusketaren inaugurazio­aren ondoren, dokumentala ere eskainiko dute Erriberan: Eme eman harri: Emarri. Giza proba taldeari buruzko dokumentala da, eta emanaldiaren ondoren, mahai ingurua ere egingo dute, Emarriko belaunaldi desberdinetako kirolariekin.

Kirolari gehiago ere izango dira hizlari, datozen asteotan. Irailaren 16an, esaterako, Leire Olaberria txirrindularia ariko da amatasunaz eta kirolaz. Eta irailaren 24an, Gaztelekuko erabiltzaileei egingo die bisita Patri Espinar pelotariak, bere kirol esperientziaz hitz egiteko.

Kirol saio irekiak, hilaren 24an
Erakusketa, dokumental eta hi­­­tzaldiek ez ezik, kirol saioek ere izango dute protagonismoa, hilabete honetan. Horrela, saskibaloi partidua jokatuko dute 18an, Mundarrok eta ZAST Zarautzek; eta herrien arteko eskubaloi txapelketa jokatuko du­te egun berean, kiroldegian. Eta irailaren 25ean, herriko pala jokalarien eta profesionalen partiduak izango dira frontoian. Olatz Zulaika eta Irati Saez ariko dira batetik, eta Amaia Lopez eta Ane Villanueva bestetik.
Baina kirola ikusteko bakarrik ez, egiteko ere izango dute aukera astigartarrek. Izan ere, kirol saio irekiak antolatu dituzte irailaren 24an, kiroldegian. Korrika saioa izango da 18:00etan, eta zumba egingo du­te 19:00etan. Doakoak dira, baina izena eman behar da, irailaren 20tik 22ra, kiroldegian edo kiroldegia@astigarraga.eus helbidean.

Eta beste dokumental batekin emango diote bukaera egitasmo­ari, hilaren 30ean: Cholitas eskainiko dute Erriberan, arratsaldeko 19:00etan hasita. Boliviako bost emakume indigena dira protagonista, eta dokumentalak jasotzen du beraiek Amerikako tontor altuenera egindako espedizioa, Aconcaguara.

Dokumentalak ikusteko, hitzaldiak jarraitzeko zein kirol saio irekietan aritzeko, zaintza zerbitzua eskainiko dute, «emakumeen partehartzea ahalbidetu eta bermatzeko». Horretarako, aldez aurretik jakinarazi beharko da, ekintza baino bi egun lehenago, emailez edo telefonoz.
Egitasmoarekin lotuta, esker oneko hitzak izan ditu Udalak Mundarroko zuzendaritzako bi kiderentzat, Jon Goiburu eta Andoni Arrarasentzat, «azken urte hauetan emakumeen taldeen osaketan egin duten saiakera, lan eta esfortzuagatik».  

 

'EMAKUMEA ETA KIROLA'
IRAILAK 10
18:00, 'Emakumeak eta kirola' erakusketaren irekiera, Erribera kulturgunean. Irailaren 30era arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 09:00-13:00 eta 16:00-20:00.
19:00, 'Eme eman harri: Emarri' dokumentalaren emanaldia eta Emarriko belaunaldi desberdinekin mahai-ingurua, Erribera kulturgunean. Euskeraz.*
IRAILAK 16
18:30, Leire Olaberriaren hitzaldia, Erribera kulturgunean: amatasuna eta kirola. Euskeraz.*
IRAILAK 18
11:00, Senior mailako saskibaloi partidua, kiroldegian: Munda­rro-ZAST Zarautz.
15:00, Herrien arteko eskubaloi txapelketa, kadete mailan, kiroldegian.
IRAILAK 23
18:30, Patri Espinarrekin hitzaldia, Gaztelekuko erabiltzaileentzat.
IRAILAK 24
18:00 eta 19:00, saio irekiak, kiroldegian: 18:00etan korrika saioa, eta 19:00etan zumba. Izenematea: irailaren 20tik 22ra, kiroldegian edo kiroldegia@astigarraga.eus.*
IRAILAK 25
17:00, Herriko pala jokalarien eta profesionalen partiduan, Txomiñenen: Olatz Zulaika eta Irati Saez, Amaia Lopez eta Ane Villanueva.
IRAILAK 30
19:00, 'Cholitas' dokumentalaren emanaldia, Erribera kulturgunean. Gaztelaniaz.*


*Seme-alaben zaintza zerbitzua behar izanez gero, jarri harremanetan Berdintasun zerbitzuarekin, beranduenez ekintza baino bi egun lehenago: 943 50 57 01 telefonora deituta edo berdintasuna@astigarraga.eus helbide elektronikora idatzita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!