Txikiek 'Ametsen urtebetetzea' ospatuta eta zerua kolorez bustita bukatu ziren atzo Ergobiko jaiak

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 23a, 00:00

Makina bat haurrek dantzatu zuten igande goizean, Kantu Kolorerekin.

Asteburuarekin batera amaitu ziren atzo Ergobiko festak. Auzotarrek ezin hobe igaro zuten antolatutako ekintzekin. 

Koronabirusaren eraginez bertan behera gelditu dira Ergobiko festa ofizialak, baina hala ere, auzotarrak ez dira etxean geldirik gelditu. Izan ere, Kirolaz eta kulturaz blai egitarau bat prestatu zuten pasa den astebururako eta jai giroan igaro dute asteburua. Atzo, amaitu ziren Kirolaz eta kulturaz blaiko jarduera guztiak, baina ez edozein modutara, goizetik gauera arte aprobetxatu baitzituzten orduak. 

Etxeko txikiek esnatu zuten auzoa atzo goizean, haientzat prestatutako puzgarriekin. Saltoka eta itzulipurdika, goiz paregabea igaro zuten. Eguerdiko 12:30ak aldera, Kantu Kolore taldearen bisita izan zuten Ergobiko auzotar txikienek, eta Ametsen urtebetetzea ospatu zuten, dantzatuz eta abestuz. 
Arratsaldean, aizkolariak eta pentatloilariak izan ziren Ergobiko plazako protagonista nagusiak, hain justu: Iker Vicente, Iñaki Azurmendi, Suharri 'Paolla', Jokin 'Basozabal', Eneko Saralegi, Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi. 

 
 
 

Festei: «datorren urtera arte»
Festei amaiera emateko, atzo gauean, su artifizialez bete zen Ergobiko zerua, eta auzoko haur, gazte eta helduek gozatu egin zuten. Gaueko 23:00etan hasi ziren su artifizialak jaurtitzen, eta behin hauen eztandak isildu zirenean, Ergobiko jaiak agurtu zituzten, datorren urtean Ergobiko jai ofizialak egingo direnaren esperantzarekin.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!