Gaur gaueko su artifizialekin emango zaio amaiera Ergobiko 'Kirolaz eta kulturaz blai' egitarauari

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 22a, 00:00

Gaur arratsaldeko 17:30etan, aizkolariak eta pentatloilariak hartuko dute Ergobiko plaza, 'Kirolaz eta kulturaz blai' egitarauaren azken egunean. 

Koronabirusak galazi egin du herri zein auzoetako festak urtero moduan antolatzea, eta hori bera gertatu da Ergobin. Hala ere, Kirolaz eta kulturaz blai egitaraua prestatu dute, Ergobiko auzotarrentzat.

Atzo ederki pasa zuten Ergobiko auzotarrek antolatutako ekintzekin. Goizean goiz, Arrai zopa taldearen musika emanaldiaz gozatu zuten, eta jarraian txupinazoak ez ogiko festak iragarri zituen, goizeko 11:00ak aldera. Eguerdian Mariatxi imperial taldea igo zen oholtza gainera eta musikaz girotu zuten Ergobi. 

Goizeko ekintzak amaitu ostean, eta bapo bazkaldu ondoren, arratsaldean harri jasotzaileek hartu zuten lekukoa: Urra, Izeta III, Izeta IV, Eizagirre, Gorka, Etxeberria eta Beñat Telleria izan ziren Ergobiko protagonista nagusiak. Harri jasotzaileen txanda amaituta, Ergobiko V.Dantza Suelto txapelketa ospatu zen, eta erritmo bikainaz gain, maila paregabea erakutsi zen.

Arrai zopa taldeak jendea dantzan jarri zuen atzo goizean. 
Gorka Etxeberria izan zen lehena atzo harria altxatzen, eta beroa egiten bazuen ere, ederki moldatu zen. 
 

Gauean, Esti eta Mikel Markezek kontzertua eskaini zuten plazan, larunbatari «agur» esateko modu ezin hobea izan zen. 

Gaur emango zaio amaiera Ergobiko Kirolaz eta kulturaz blai egitarauari eta makina bat ekintza antolatu dira festak behar bezala agurtzeko. Goizean, txikien ordua izango da, izan ere, 10:00etan, puzgarriak jarriko dira, eta 12:30etan, Kantu Kolore taldearen bisita izango dute Ergobiko txikiek eta Ametsen urtebetetzea emanaldia eskainiko dute. Arratsaldean, aizkolariak eta pentatloilariak arituko dira Ergobiko plazan; Iker Vicente, Iñaki Azurmendi, Suharri 'Paolla', Jokin 'Basozabal', Eneko Saralegi, Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi. 

Gauean, 23:00etan hain justu, su artifizialak jaurtiko dituzte Ergobiko zerua milaka kolorez bustiz, eta horrekin Kirolaz eta kulturaz blai plangintzari amaiera emango zaio. 

EGITARAUA
ERGOBI
GAUR
10:00 Haurrentzako puzgarriak 12:30 Kantu Kolore, 'Ametsen urtebetetzea' emanaldia  
17:30 Aizkolariak eta pentatloilariak: Iker Vicente, Iñaki Azurmendi, Suharri 'Paolla', Jokin 'Basozabal', Eneko Saralegi, Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi.  
23:00 Su artifizialak
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!