Bertan behera gelditu behar izan dute aurtengo Ergobiko jaiek. Izan ere, koronabirusak galarazi egin du festak urtero moduan antolatzea. Hala ere, gaur eta bihar artean ekintzak izango dira haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat. Hain justu, Kirolaz eta kulturaz blai izenburupean, bi egun hauetarako jarduerak prestatu dituzte.
Segurtasun neurri guztiak bermatuta egongo dira, eta aforoa ere kontrolatuko dute. «Jende pilaketak saihestu nahi ditugu. Horregatik, ekintzak Ergobikoentzat prestatu ditugu. Pena haundia beste herrietako jendeari deialdia ez zabaltzea, baina ez dugu arazorik nahi. Aurten, tamalez, ez dira Ergobiko festak ospatuko», aurreratu dute antolatzaileek. Gainera, aglomerazioak ekiditeko, ekitaldietan parte hartzeko ezinbestekoa izango da gonbidapenak aldez aurretik eskuratzea. Aste honetan zehar izan da horretarako aukera, kultur etxera bertaratuta. Gonbidapen gabe gelditu direnek, gaur eta bihar ere lortu ditzakete gonbidapenak, ekitaldiko atarian.
Musika, harri jasotzaileak, dantza eta beste asko
Festarik izango ez den arren, egiteko ugari izango dute Ergobikoek datozen egunetan. Goizean zein arratsaldean izango dira jarduerak, eta haurrek, gazteek zein helduen izango dute zeregina asteburuan.
Gaurkoan, Arrai zopa taldeak bisitatuko du Ergobiko plaza. 10:30etan hasita, kantuan arituko dira egitarauari hasiera emateko. Gero, 11:00etan, txupinazoa izango da. Arratsaldean, berriz, asteburuko ekitaldi nagusia izango da; 17:30etan hasita, harri jasotzaileen txanda izango da. Oraingo honetan, Urra, Izeta III, Izeta IV, Eizagirre, Gorka Etxeberria eta Beñat Telleria izango dira. Ondoren, 19:30etan, Ergobiko Vgarren Dantza Suelto Txapelketa izango da. Eta, eguna ezin hobe amaitzeko, Esti eta Mikel Markezek kontzertua eskainiko dute.
Bihar, goizean goizetik egongo dira ekintzak. 10:00etan puzgarriak izango dira etxeko txikientzat, eta 12:30etan Kantu Kolore talde ospetsuarekin gozatzeko aukera izango dute haurrek. Arratsaldean, aizkolariak eta pentatloilariak izango dira plazan: Iker Vicente, Iñaki Azurmendi, Suharri Paolla, Jokin Basozabal, Eneko Saralegi, Karmele Gisasola, Uxue Ansorregi eta Aroa Sanchez. Eta asteburua agurtzeko, Ergobiko zerua kolorez bustiko da. Hain justu, gaueko 23:00etan, su artifizialekin amaituko dute plangintza.