Asteburu honetako protagonistetako bat izango da Suharri Rodriguez Paolla aizkolaria. Bihar, arratsaldeko 17:30etatik aurrera, pentatloilariekin batera arituko dira aizkolariak, eta horietako bat izango da Fagollagako gaztea. Gainera, ez da nolanahiko agerpena izango; izan ere, Gipuzkoako bigarren mailako txapelketa irabazi zuen joan den uztailean, Astigarragako Foru Plazan. Paollak dio «sorpresa pixka bat» hartu zuela, ez baitzuen espero lehenengo postua lortzea. «Txapelketa ondo joan zen. Bagenekien nahiko puntan ibiliko ginela eta gure helburua zen topera egotea. Hala ere, egia esan, ez genuen espero irabaztea eta poz haundia izan zen lehenengo postua lortzea», aipatu du.
Denera, 12 aizkolarik hartu zuten parte, eta egitekoa zen lau kanaerdiko eta 60 ontzako bi enbor ebakitzea. Horretarako, hiru txanda egin zituzten, eta aurrenekoan aritu zen Suharri, Axel Larrañaga hernaniarrarekin batera. Bikain aritu zen Paolla, 15 minutu eta 54 segundotan bukatu baitzuen lana. Ezin hobe ibili zen eta besteak ez ziren gai izan marka hori gainditzeko. «Maila haundiko aizkolariak dira gainerakoak, eta irabazteko aukera baztertzen ez banuen ere, zaila ikusten nuen onenen artean lehenengo gelditzea. Besteek guk uste genuena baino gutxiago egin zuten; edo agian, guk gehiago. Ez dakit, baina pozik gaude», kontatu du.
Astigarragan, etxetik gertu, gustura aritu zen aizkolaria; «nire lagun gehienak hurbildu ziren Foru Plazara eta baita ezagun asko ere, bertakoak eta Hernanikoak. Asko animatu ninduten eta hori poztutzekoa da». Hitz gutxitan esateko, publikoaren babesa sentitu zuela aitortu du, «eta hori asko eskertzen da».
Horrekin batera, lorpen honetan garrantzia haundia dute Suharrirentzat orain arte bidelagun izan dituenak: «entrenamenduetan eta txapelketetan aitak asko lagundu dit beti. Eta, noski, nire entrenatzailea ere beti hor dago». Horregatik, alboan izan dituenentzat «esker hitzak bakarrik» dituela esan du. Hala ere, dio, arrakastaren gakoa dela «entrenatzea eta entrenatzea; ez dago beste misteriorik».
Gipuzkoako bost aizkolari onenen artean, Paolla
Bigarren mailako txapelketa irabazita, datorren urtean lehenengo mailan arituko da. «Salto haundia dago bigarren mailatik lehenengora eta uste dut aurten baino umilago arituko garela», dio. «Maila ematen ahaleginduko naiz eta pixkanaka hobetzen, beraien parera heldu arte. Edo, behintzat, hori lortzen saiatuko naiz!».
Horren bueltan, lehenengo mailan aritzeak «errespetua» ematen diola dio, punta-puntako aizkolariak baitaude txapelketan. «Momentuz behintzat, ni baino gehiago izango dira. Baina beno, ni beti aurrera. Saiatuko naiz ahal dudana egiten eta gero gerokoak». Hari beretik, une honetan, bere helburua entrenatzen jarraitzea dela kontatu du: «lehenengo mailan aritzeko prestatuko gara eta entrenatzen jarraituko dugu, orain arte bezalaxe».
Mailaz igotzearekin batera, aldaketak izan ditu plangintzan. «Astean hiru entrenamendu egiten ditut orain. Lehen bi egiten nituen, baina lehenengo mailan exijentzia maila altuagoa da eta gehiago entrenatu beharra nuen».
Bestalde, mailaz igotzeak bestelako aldaketak ere ekartzen dituela azaldu du Paollak. «Aizkolarien mailari dagokionez noski, saltoa nabarituko dut. Baina hori ez ezik, beste gauza asko ere biltzen ditu lehenengo mailan egoteak. Profesionaletan konpetitzea garestia da: enborrak bildu, puskatzen direnean aizkora berriak lortu, eta abar». Horregatik, momentua bizi eta ilusioz txanpa berri honi heltzea du helburu: «emaitza onak datozen bitartean, aurrera jarraituko dugu. Dena den, noizbait ikusten badugu kontua gelditu dela, aurrera ez goazela, ez dut jarraituko. Izan ere, diodan moduan, lan haundia eta diru asko da». Etorkizunean, Paollaren jomuga da «pixkanaka-pixkanaka mailaz igotzea». Hori da, dio, «orain arte» buruan izan duena.
Zaleak bihar, Ergobin
Badirudi azken urteotan gero eta gustukoagoa dela aizkoren eta aizkolarien mundua, eta pozik agertu da Paolla, zaleen erantzunarekin. «Komunikabideek asko laguntzen dute horretan, eta eskertzekoa da zuen hedabidean honi ematen diozuen ikusgarritasuna», dio. «Orain, gazte gehiago ikusten dira eta afizio gehiago dago. Pixkanaka, jende gehiago egoten da desafioetan eta txapelketetan. Era berean, jendeak aizkolari berriak ikusten dituenean, nobedadea dagoenean, gehiago animatzen dira apustuetara eta txapelketetara joatera», gehitu du.
Biharko egunaz gozatzeko eta erakustaldi ona egiteko «gogotsu dagoela» dio Paollak. «Orain dela bi urte ere egon nintzen Ergobin eta nire aita ere hor ibili izan da beti zaldiarekin. Gustura ibiliko gara ziur, giro ona egoten da urtero!».