«Denboraldi hasieran esan balidate Espainiako Vueltan izango nintzela, ez nuen sinetsiko»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 13a, 00:00

Xabier Mikel Azparren (ezkerretik aurrenekoa), Vueltan berarekin ariko diren taldekideekin. Argazkia: Euskaltel-Euskadi

Burgosen dago Xabier Mikel Azparren astigartarra, eta bihartik aurrera, hiru asteko bere lehenengo itzulia lehiatuko du, profesionaletan debuta egin duen urte berean. «Sorpresa» izan da berarentzat ere.

Aste honetan iragarri ditu Euskaltel-Euskadi taldeak, bihartik Espainiako Vuelta lehiatuko duten zortzi txirrindulari laranjen izenak. Eta horien artean bazen sorpresarik, Xabier Mikel Azparren astigartarraren pozerako: hiru asteko bere lehenengo itzulia lehiatzeko aukeratu du taldeak, profesional mailan debuta egin duen urte berean.

«Esan zidaten aukera bazegoela... baina sorpresa izan da. Denboraldi hasieran esan balidate Vueltan izango nintzela, ez nuen sinetsiko», kontatu dio Kronikari, Burgosetik. Izan ere, bertatik abiatuko da Espainiako Vuelta bihar, eta 21 etapa izango dituzte aurretik, Santiago de Compostelab bukatzeko, irailaren 5ean.

Etapa bat irabaztea izango du helburu nagusia Euskaltelen zortzikoak, eta hori lortzeko lan egitea da Azparrenen asmoa: «garaipen horren parte izan nahi dut, taldekideei lagunduta edo nik neuk lortzen saiatuta. Baina bigarren hori zailagoa izango da; beraz, ahal dudan guztian lagunduko diet taldekideei». Horretarako, bere kirol ibilbideko «sasoi punturik onenean» iritsi da Vueltara, azkeneko asteotan erakutsi duen bezala, Norvegiako Itzulian esa­terako: eguneko ihesaldian sartu, eta taldeko indartsuenetakoa izan zen, garaipena lortzetik gertu izateraino, tropelak helmugatik 3 kilometrora harrapatu zuen arte.

Dena ez da hain gozoa izan azkeneko asteotan, edonola ere: «Tour de l'Avenir edo Etorkizuneko Itzulia prestatzen ari nintzen, baina Espainiako hautatzaileak kanpoan utzi ninduen azkenean. Kolpea izan zen hasieran, horretarako ondo prestatzen ari nintzelako, altueran kontzentrazioak egiten. Baina orduan, egutegia berrantolatzea erabaki genuen, eta taldeak esan zidan bazegoela aukera Vueltara joateko. Asmo horrekin entrenatu dut, ondo atera zaizkit gauzak. Eta azkenerako, onerako izan da Etorkizuneko Itzulitik kanpo geratzea».

Donostiako Klasikoan «esperientzia ikaragarria» bizitzetik dator astigartarra, nahiz eta «bihotzarekin gehiago aritu, buruarekin baino. Lasterketaren hasieran indarrak xahutu nituen, ihesaldian sartu nahian; eta bukaeran larrutik ordaindu nuen». Denboraldian zehar gora egin du: «asko hazi naiz, eta amestutako denboraldia ari da izaten niretzat». Horren ginda da Vueltan aritzea: «errespetua ematen dit, ez dudalako inoiz antzekorik egin, eta badakidalako oso gogorra izango dela. Baina taldekide dezente dauzkat esperientzia dutenak, eta beraien aholkuak jarraituta, espero dut Vuelta bukatzeko moduan izatea». Gainera, begiz jota dauzka «etapa pare bat», ihesaldian sartu eta are sorpresa haundiagoa emateko, garaipen bat lortuta.

 

Jaime Romero Espainiako txapeldun, pertsekuzioan

Aurreko astean, bestalde, pista­ko Espainiako Txapelketak le­hi­atu zituzten Galapagarren; eta bertan izan ziren hiru astigar­tar: Jaime Romero eta Telmo Sem­perena, 23 urtez azpikoetan; eta Tasio Semperena, kadeteetan.

Hiru proba lehiatu zituzten elkarrekin Romerok eta Telmo Semperenak, baita maila onean aritu ere. Scratchean, bost laguneko talde batean ihes egin zuen Romerok, eta itzuli bateko abantaila lortuta, esprintean jokatu zuen garaipena, baina laugarren izan zen azkenean. Semperena, berriz, zazpigarren sailkatu zen. Eliminazio proban, berriz, bosgarren izan zen Semperena, eta zortzigarren Romero. Eta puntuazioan, azkenik, zazpigarren izan zen Semperena, eta 10garren Romero.

Baina laugarren proba bat ere lehiatu zuen Romerok, pertsekuziokoa; eta horretan lortu zuen emaitzarik onena: brontzezko domina lortu zuen maila absolutuan, eta horrekin, Espainiako txapeldun izan zen 23 urtez azpikoen artean.

Kadeteetan, berriz, aurrenekoz aritu zen Tasio Semperena Euskadiko selekzioarekin, eta bost proba lehiatu zituen, maila onean. Abiadura proban bederatzigarren sailkatu zen, final zortzirenetara sailkatzetik ehuneneko gutxira geratu ondoren. Scratchean, berriz, ihes eginda ibili zen, baina harrapatu egin zuten azkenean, eta hortik aurrera ezin izan zuen garaipena lehiatu. Eliminazioan, ondoren, despiste batek utzi zuen lehiatik kanpo, 10garren izateko. Puntuazioan, Urko Vidal taldekidearentzat aritu zen lanean, ihesaldia harrapatzeko, berak bigarren postua lortu zezan. Eta posturik onena, azkeneko proban lortu zuen, keirinean: finalera sailkatu zen, semifinalean kontrarioak ezustean harrapatuta, eraso batekin; eta hori errepikatzen saiatu zen finalean, baina aurrea hartu zioten hiru txirrindularik: Urko Vidal hirugarrenak azkeneko metroan pasa zuen. Hortaz, laugarren sailkatu zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!