Emakumeak eta kirola jarri nahi izan ditu erdigunean Udalak. Hori horrela, hainbat jarduera antolatuko ditu datorren irailean. Besteak beste, Deporte en femenino argazki erakusketa aurkeztuko dute Erriberan. Horren bueltan, argazkiak bidaltzeko eskatu die Udalak emakume astigartarrei. Parte hartzeko interesa dutenek, abuztuaren 20a, datorren ostirala, dute horretarako azken eguna.
Ekimen horrekin, Udalak adierazi du helburua dela «kirolaren alorrean emakumeen partehartzea ikusaraztea».
Irailaren 10etik 30era bitartean, Erriberan
Argazki erakusketa 20 egunez egongo da ikusgai kulturgunean, irailaren 10etik 30era bitartean. Gainera, Iñaki Vergararen irudiekin osatutako erakusketa izango da, baina herriko emakume kirolarien argazkien atal bat ere izango da. Azken horretarako eskatu du Udalak, hain justu, herritarren partehartzea.
Argazkiei dagokienez, hainbat baldintza bete behar dituztela aurreratu dute. Batetik, irudietan Astigarragako emakumeek izan behar dute protagonismoa, eta federatuak edo ez, argazkian kirola egiten azaldu behar dira. Bestetik, argazkiak banakoak edo taldekoak izan daitezke, bakoitzak nahi moduan. Eta, azkenik, emakume bakoitzak soilik argazki bat bidal dezake.
Parte hartzera animatzen direnek, bi dokumentu bete behar dituzte: irudiak argitaratzeko baimenaren inprimakia eta irudia lagatzeko dokumentua. Eskuragai daude, biak, www.astigarraga.eus webgunean bertan. Horiek bete, eta, argazkiarekin batera, irudiak aurkezteko prozesua amaituko dute berdintasuna@astigarraga.eus helbidera mezua bidalita edota erregistroan (udaletxean edo online) eskaera aurkeztuta.