Dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik, aurreko ikasturteko Haur Eskolarako eta ikasleen garraiorako

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 8a, 00:00

Irailaren 30era arte eskatu daitezke, Astigarragako Udaleko Erregistro Nagusian. DBHko edo EPAko ikasleei, diruz lagunduko dizkiete ikastetxera egindako bidaiak; eta Haur Eskolako haurren familiei, matrikularen zati bat.

Beste bi dirulaguntza deialdi argitaratu ditu aste honetan, Astigarragako Udalak; biak ere, hezkuntzarekin lotutakoak, joan den ikasturteko gastuetara bide­ratutakoak: Haur Eskolako haurren matrikularako dirulaguntzak, eta DBHko eta HHI-EPAko (helduentzako heziketa) ikasleen garraiorako diru­laguntzak. Aste­azkenean argitaratu zituzten bi deialdiak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean; eta ordutik aurkeztu daitezke eskaerak, Astigarragako Udaleko Erregistro Nagusian, irailaren 30era arte.

Haur Eskolako haurrei dagokienez, dirulaguntza eskatu deza­ke­te 2020-2021 ikasturtean Haurreskolak partzuergoko haur eskolaren batean aritu ziren hau­rren familiek edo legezko ordezkariek, honako kasuetan: familia ugariak, guraso bakarreko familiak, edota ikasturte horretan familia bereko bi haur edo gehiago Haur Eskolan matrikulatuta izan dituztenak.

Haur eskolan bi haur edo gehiago matrikulatuta dauzkaten familiei, bigarren haurraren matrikularen %50a lagunduko diete diruz; eta hirugarren eta hurrengo seme-alaben matrikularen %100a. Eta familia ugariei eta guraso bakarreko familiei, ordaindutakoaren %25eko diru­laguntza emango diete, au­rreko ikasturtean haur bakarra matrikulatu arren. Bi dirulaguntza aukera horiek bateraezinak dira, eta onura haundiena ekarriko diena au­keratu ahal izango dute eskatzaileek.

2.000 euroko partida aurre­ikusi du Udalak horretarako, baina eskaerek kopuru hori gaindituz gero, partida haunditu ahal izango du, aukerarik balego; bestela, aurreikusitako kopurua banatuko dute eskatzaileei onartu zaien dirulaguntzaren arabera, modu proportzionalean.

Ikasleen garraiorako laguntza, 100 eurora artekoa

DBHko eta HHI-EPAko ikasleen garraiorako dirulaguntzen ka­suan, honakoak dira baldintzak: doako garraiorik edo entitate publiko edo pribatuek erabat ordaindutako garraiorik ez izatea; ikasturte hasieratik egotea Astigarragan erroldatuta; Lurraldebus edo Mugi txartelaren jabe izatea; eta HHI-EPAko ikasleen jasuan, erretiratu, langabetu edo familia ugariko kide izatea, edo oinarrizko errenta jasotzea.

Dirulaguntza partida honetarako, 5.800 euro aurreikusi ditu Udalak, hori ere haunditzeko aukerarekin, hala behar izanez gero eta posible bada. Ikasle bakoitzak 1,90 euro jasoko ditu eskola egun bakoitzeko, bere asistentzia agiriaren arabera; baina 100 eurokoa izan daiteke dirulaguntza, gehienez ere.

Haur Eskolaren matrikularako zein ikasleen garraiorako dirulaguntzetan, oinarriak, baldintzak eta aurkeztu beharreko agiriak ikusgai daude Udalaren webgunean: astigarraga.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!