Dirulaguntza deialdia zabaldu du Astigarragako Udalak, euskeraren arloan. 42.000 eurokoa da partida guztira, eta lau arlotan dago banatuta: euskera ikasteko laguntzak (36.400 euro); merkataritza eta enpresa alorrean euskeraren erabilera sustatzeko laguntzak (3.000 euro); aisialdiko begirale edo zuzendari titulurako prestakuntza euskeraz egiteko laguntzak (2.000 euro); eta UEU eta udako unibertsitateko euskerazko ikastaroetarako laguntzak (600 euro). Edonola ere, eskatutako laguntzek gaindituko balute aurreikusitako kopurua, zenbatekoa haunditzeko aukera aztertuko du Udalak.
Astigarragako Udaleko Erregistro Nagusian aurkeztu behar dira dirulaguntza eskaerak, lau ataletarako; eta bertan eskuratu daitezke eskabideak eta deialdiari buruzko informazioa ere.
Irailaren 30era arte epea, dirulaguntzen hiru ataletan
Dirulaguntza horien hiru ataletan (euskera ikasteena, aisialdiko begirale edo zuzendarien prestakuntzarena, eta UEU eta udako unibertsitateko ikastaroena), irailaren 30era arte izango da epea, eskaerak aurkezteko. Aldiz, merkatariek eta enpresek, urte bukaerara arte izango dute horretarako aukera, abenduaren 31ra arte.
Euskera ikasteko dirulaguntza eskatzen dutenei, baldintzak betez gero, matrikularen %75a lagunduko diete diruz, eta kopuru hori %100ekoa izango da, honakoentzat: oinarrizko errenta jasotzen dutenak; Udalaren larrialdi laguntza jasotzen dutenak; 13.300 eurotik beherako diru sarrera dutenak; langabetuak; 0-12 urte bitarteko haurren gurasoak; familia ugariko kideak; unibertsitateko edo lanbide heziketako ikasleak; merkatari gisa lan egiten dutenak; eta azkeneko hiru urteetan hiru maila gainditu dituztenak.
Merkatarien eta enpresen kasuan, diruz lagunduko dituzte aurten egindako gastuak, euskerazko errotulazioari, irudi korporatiboko elementuei, web orriari, .eus domeinuari edota programa informatikoak euskeratzeari dagokionez. Astigarragan kokatutakoek izango dute laguntza jasotzeko aukera, 10 langile baino gutxiago izanez gero. Egindako gastuaren zati bat lagunduko dute diruz.
Aisialdiko begirale eta zuzendarien ikastaroetan, matrikularen %50 lagunduko dute diruz. Eta UEUko eta udako euskerazko ikastaroetarako, matrikularen %100a jasoko dute oinarrizko errenta jasotzen dutenek; eta %75a ikasle, langabetu, familia ugariko kide zein jubilatuek.