Denbora luzez egon da kolokan, Galtzaur jubilatuen elkarteko zuzendaritza batzordearen erreleboa. Eta elkarteari buruzko hausnarketa prozesua ere burutu behar izan dute, hori sustatzeko. Baina azkenean, badauka erreleboa, orain arteko zuzendaritza taldeak; eta sei lagun dira, zuzendaritza batzorde berria osatuko dutenak: Bixente Arrizabalaga Bengoetxea izango da lehendakaria; Concepción González Holgado lehendakariordea; Inozentzio Fernández Teran idazkaria; Juan Antonio Pérez Piñeiro diruzaina; eta Juan Castillo Cuesta eta María Teresa Oscoz Alvarez bokalak.
Uztailean egin zuen ezohiko batzarra Galtzaurrek, eta bertan onartu zuten zuzendaritza batzorde berriaren osaketa, bazkideek. Estatutuetako artikulu batzuetan ere, aldaketak egitea proposatu eta onartu zuten, eta barne araudi berriari ere eman zioten oniritzia bazkideek.
Horrekin batera, zuzendaritza talde berriak aditzera eman zituen bere helburuak, espero dituen emaitzak, eta garapen ardatzak. Horiei ere onarpena eman zieten, batzarrean.
Galtzaur «elkarte dinamikoa» izatea, helburu orokorra
Helburu orokor bat finkatu du talde berriak: Galtzaur «elkarte dinamikoa» izatea, «jarduerak garatuz eta harremanak sortuz». Eta horren baitan, hainbat helburu espezifiko ere zehaztu ditu: bazkideen ongizate orokorra eta emozionala hobetzea; emakumearen partehartze aktiboa sustatzea; elkartea herriko jubilatu guztiengana iristen saiatzea; Galtzaur beste elkarte batzuekin erlazionatzea; herriko elkarbizitza hobetzen saiatzea; eta ahalik eta bazkide gehienek hartzea parte jardueretan.
Batzarrean eman zuten aditzera, baita ere, lan batzordeen bitartez burutuko dutela Galtzaurren kudeaketa operatiboa, aurrerantzean. Lan batzorde bakoitzak bi kide izango ditu gutxienez, eta zortzi gehienez. Batzorde horien egitekoa izango da, sei garapen-ardatzen «bilakaera ona» lortzea: kultur garapena, garapen emozionala, garapen soziala, helburu orokorreko garapen fisikoa, garapen informatikoa eta garapen ekonomikoa.
Esker ona, aurreko zuzendaritza batzordeari
Zuzendaritza batzordearen aldaketa gauzatuta, eskerrak eman dizkiote Astigarragako Udalak eta Galtzaurrek, aurreko zuzendaritza batzordea osatu zuten kideei, «zortzi urtez egindako lanagatik eta aldaketarako erakutsi duten jarrera onagatik». Honakoek osatu zuten aurreko taldea: Emilio Adan, Mari Luz Zamarro, Elvira Arangoya, Josetxo Goikoetxea, Angel Mateos eta Concepción Gonzalez.