Mugi Astigarraga autobus publiko duinaren alde sinadurak biltzen ari da, irailera arte

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 2a, 00:00

Joseba Barandiran plazan egin zen kontzentrazioa.

Hainbat establezimendutan sinatu dezakete herritarrek eta uztailaren 22an kontzentrazioa egin zuen plataformak. Ordubetean 400 sinadura inguru bildu ziren eta laister adieraziko dute orain arte zenbat bildu diren.

Uztailaren 1ean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lurraldebusek Buruntzaldeko autobus zerbitzu publiko berria jarri zuten martxan. Uztailaren 12an Erribera kulturgunean eratu zen Mugi Astigarraga, autobus zerbitzu publiko duinaren aldeko herri plataforma.


Uztailaren 22rako, lehen ekintza gisa, kontzentrazio bat antolatu zuen plataformak, sinadura bilketari hasiera emateko ekintza sinboliko gisa. Herritar asko hurbildu ziren Joseba Barandiaran plazara. Bost mahai jarri ziren sinadurak biltzeko eta kontzentrazioa hasi aurretik, nahiz ondoren, jende ugarik sinatu zuen plataformak proposatutako testua. 


Guztira, 399 sinadura bildu ziren ordubete inguruko tarte horretan. «Plataformako kideok oso pozik gaude herritarrek erakutsitako babesarekin eta benetan kopuru esanguratsua dela uste dugu, astigartarron ezinegona eta haserrea erakusten dituena».


Aspaldi ez bezala bete zen Joseba Barandiaran plaza. Kontzentrazioak iraun bitartean hiru panel haunditan helarazi zitzaien informazioa herritarrei. «Bitan zerbitzuaren murrizketak islatu ziren (euskaraz eta gaztelaniaz) eta bestean sinatzeko proposatutako testua erakutsi zen, tamaina haundian».

Sinadurak irailaren 15era arte bilduko dira
Sinadura bilketari uztailaren 22an eman zitzaion hasiera eta irailaren 15an amaituko da. Bitarte horretan ondorengo lekuetan sinatu ahal izango dute agiria 16 urtetik gorako herritarrek, plataformaren eskariei atxikimendua adierazteko.


Hona lekuak: Gnomos paperdenda, Coviran (Tomas Alba), Zipotza taberna. Txiki taberna, Sulabe okindegia, Eroski, Ikatza taberna, JM botika-farmazia, Ogi Berri (Tranbia ibilbidea), Kaizoku taberna eta Beizama taberna (Ergobia).


Mugi Astigarragako plataformak adierazi duenez, «laster iragarriko dugu sareetan astebeteren ondoren establezimendu horien babesarekin bildutako sinadurak zenbat izan diren. Irailean ere izango da beste aukerarik sinadura bilketarekin kalean jarraitzeko». Kartel eta ohar bidez zabalduko ditu plataformak sinadurak biltzeko beste leku eta data eta ordu batzuk.


Alabaina, «herritarrei ez ezik Astigarragako elkarteei ere eskatu diegu plataformaren eskariekiko atxikimendua, eta oraingoz ondorengo elkarteek adierazi dute atxikimendu hori: Harituz, Txirriskla txisulariak, Eragiyok abesbatza, Gure Izarra elkartea, Gazte Asanblada, SagarArte, Mundarro kirol elkartea, Astigar kultur elkartea, Emakumeon etxea, Astigarte, Sagarduneko langileak, Astigarragako AEK-ko irakasleak, Xaguxar aisialdi taldea, Norberto Almandoz Musika Eskola eta Galtzaur jubilatuen elkartea». 


Sinadura bilketaren data amaitzerako «elkarte gehiagok egingo dutela gurekin bat uste dugu. Autobus zerbitzu publiko duinaren aldeko eta murrizketen aurka lanean gogoz eta irmo jarraitzeko asmoa dugu, guztion artean lortuko dugu eta»

Aldundiari Astigarragaren egoera gogorarazi nahi diote
Mugi Astigarragako kide eta sinatzaileek honakoa gogorarazi nahi diote Gipuzkoako Foru Aldundiari: «Astigarraga asko handitu da eta oraindik ere haundituz jarraituko du. Astigarragak duen garraiobide publiko bakarra autobusa da. Astigarragaren hazkundearen ondorioz azkeneko urteetan zerbitzua oso kaskarra izan da eta erabiltzaile asko gelditu izan gara maiz autobusera igo ezinik, leku faltagatik. A1/BU12 eta A2/BU13 lineak bi zerbitzu desberdin dira, funtzio eta erabiltzaile desberdinak dituztenak. Astigarraga Donostiarekin mugakide da, eta zerbitzu ugaritarako ezinbestean jo behar dugu hiriburura, Hernani ez den beste edozein lekutara joateko tarteko geltoki gisa. Erakundeak nahiz herritarrok bat egiten dugu ingurumena eta zerbitzu publikoak babesteko nahiarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela Lurraldebus zerbitzuaren ardura osoa eta berak bakarrik du gai honetan erabakitzeko ahalmena».

«Aldundiaren eskatzen diogu neurriak hartu ditzan berehala eta epe motzera»
Hori guztia kontuan hartuta, hauxe da Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diotena: «Berehalakoan, A1/BU12 linea lehengora itzultzeko, lehengo maiztasun eta geltokiekin; A2/BU13 linea eta errefortzuak gutxienez lehengora itzultzeko.Epe motzera, udazkenean, A2/BU13 linea 15 minutuko maiztasunera igarotzeko; errefortzuko zerbitzua zabaltzeko, beharrak ondo aztertuta; Astigarraga Buruntzaldearekin eta Donostiarekin lotzeko beste linea aukera batzuk aztertzeko; herritarren iritzia jasotzeko prozesu partehartzaile bat egiteko eta bertan ateratako ondorioak betetzeko konpromisoa hartzeko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!