Historiako alor askotan emakumearen figura eta haiek egin dutena denboran zehar ezkutatuta gelditu da. Sagardogintzaren alorra ez da gutxiago: izan da historian emakume ekintzailerik ere jarduera honetan.
XVI-XVIII. mendeen artean emakumeak lan asko egin behar izan zuen familiaren beharrei aurre egiteko. Gipuzkoan, gainera, ohikoa zen sagastietan lanean nahiz sagardoaren salerosketan ziharduten emakumeak aurkitzea. Astigarragako Sagardoetxeak 2018. urtean aldi-baterako erakusketa interesgarria antolatu zuen emakume sagardogileen inguruan, eta Lurgidan hori gogora ekarri nahi izan dugu, “Sagardogintzaren ibilbidea” atalaren baitan.
Erakusketa horretan, XVI-XVIII. mendeetako Gipuzkoako lau emakumeren historiak ezagutu ziren: Maria Labayen, Maria de Echevarria, Ana de Beroiz eta Fagola eta Maria Josefa de Orobio. Ausartak, ekintzaileak, azkarrak eta negozioen mundua ondo ezagutzen zuten emakumeak izan ziren, eta bakoitzaren bizimodua nahiz gainditu beharreko arazoak ezberdinak izan arren, sagardogintzak lotzen zituen emakume hauek.
Zelaia sagardotegiak eta Lourdes Odriozola ikerlariak egindako ikerketa lana duen “Maria de Labayen, XVI. mendeko emakume sagardogile ausarta” erakusketa osatzen duten azalpen panelak erabili ziren erakusketa horretan. Bestetik, “Euskal Herriko Ahotsak” proiektuan bildutako eta sagardoaren munduarekin harremana izan duten adineko 22 emakumeren testigantzak proiektatu ziren bertan. Gustura ikusiko genuke berriz ere erakusketa hori!