Astigarragako Aldizkariari buruzko ikus-entzunezkoak, ikusmin haundia

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 30a, 00:00

Aldizkariaren lantaldeko kideak eta kolaboratzaileak, Erriberako aurkezpenean.

'40 urte historia egiten' erreportajean, Aldizkariaren historia eta nondik norakoak azaldu dituzte.

Ikusmin haundia sortzen ari da, orain dela gutxi aurkeztu den Astigarraga Aldizkariaren 40 urteei buruzko ikus-entzunezko erreportajea. Bertan, Astigarraga Aldizkaria martxan jartzeko arrazoiak deskribatu dituzte, eta baita izan duen bilakaera ere, azken 40 urteetan. Hori guztia, herritarren mugimenduak eta ekimen soziokulturalak bultzatzeko garaian iritsi zen.

Astigar elkarteak 1982an sortutako Astigarraga Aldizkariak 40 urte bete ditu, bere herriaren eta herritarren historia egiten. Bideoan, deskribatu dituzte izan dituen eboluzio eta etapak, artxibo eta dokumentuen bidez (udalerriko bizi-gertaerak barne); auzotarren eta elkarteen testigantzak eta iritziak; pertsona laguntzaileen ekarpenak eta lantaldearen lan altruista.

Erreportaje honetan, hala­ber, leku garrantzitsua dute hu­ra egiteko erabilitako baliabideek (maketak, diseinuak, bildumak, web orria…) eta teknologia berrietara egokitzeak. Urteetan zehar erabili diren bitartekoak bezala, Aldizkaria txoko guztietara helarazteko eta, aldi berean, auzotarren ekarpen ekonomiko sinbolikoa jasotzeko balio izan du.

Bideo honen bidez, ekimen sozial honen ahaleginari argia ematea izan da Aldizkariko lantaldearen apustua, eta pozik dago baliabide urriekin, urtez urte, egiteko gai izan delako. Bideoa Aldizkariaren webgunean ikusi daiteke: www.astigar.eus.

Azkenik, Astigar elkarteak eskerrak eman nahi dizkio bideo honen grabazioaz eta edizioaz arduratu den taldeari. «Eta era berean, azpimarratu nahi dugu udal administrazioak, historiarekin eta kulturarekin lotutako erakundeek eta gure herriko gizarte-eragileek eman diguten babesa», nabarmendu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!