Santio kulturalak amaitu dira eguraldia lagun

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 27a, 00:00

Hutsun eta Ortzik Urbasa ikuskizuna eskaini zuten kiroldegian..

Kalakan taldeak, herri kirolak, Hutsun + Ortzi eta Balkanetako doinuek itxi zuten kultur programazioa Santa Ana egunez. 

Normaltasun osoz amaitu zen atzo, 2021eko Santiotarako Astigarragako Udalak prestatu zuen kultur programazioa. Festarik gabe hainbat kontzertu, ikuskizun, emanaldi eta saio prestatu ziren jendeak modu ezberdinean Santioez gozatzeko eta horrela izan da.


Eguraldia ere lagun izan da azken unera arte, nahiz eta prebisioak hasiera batean ez ziren onenak. Santa Ana eguneko lau ekitaldiak inongo arazorik gabe eskaini ziren iragarritako guneetan. Honela, eguerdian Iparraldeko doinuak izan zuten protagonismoa Kontxa Etxeberria plazan, Kalakanen eskutik. Giroa berotu zuten eta jendeak adi adi jarraitu zituen abestiak. Dantzarako gogoak izan arren astigartarrek aulkietatik jarraitu zuten kontzertu osoa.


Arratsaldean aizkolarien txanda iritsi zen Foru Plazan. Hamalau aizkolari aritu ziren lehian nor baino nor Gipuzkoako Bigarren mailako txapelketan. Horien artean zeuden Axel Larrañaga eta Suharri Rodriguez 'Paolla' hernaniarrak. Hiru txandatan banatu ziren aizkolariak eta lehenengo txandan aritu ziren Suharri eta Axel. Gainera Paolla 15:54eko denborarekin gailendu zen. Larrañagak gehiago sufritu zuen. 


Ordu berean, kiroldegian Hutsun eta Ortzik Urbasa txalaparta, zirko eta akrobazi ikuskizuna eskaini zuten. Anai Gambra, Mikel Urrutia eta Ortzi Acostaren fusioak txunditu zituen ikusleak. 


Aurtengo Santiotako programazio kulturala eta Santa Ana eguna emanaldi berezi batekin amaitu zen. Balkan Paradise Orchestrak itxi zuen festa bere doinu alaiekin eta ekitaldia aprobetxatu zen Ioan Mihai Sabaila astigartar errumaniarra omentzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!