San Inazio Eguneko kontzertua eskainiko du Eragiyok abesbatzak

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 27a, 00:00

Eragiyok abesbatza entzuteko aukera izango da larunbatean.

Andre Mari elizan izango da 12:00etan, uztailaren 31n eta gonbidapenak hartu behar dira Erriberan, Udaleko webgunean edo egunean bertan eliza atarian.

Uztaila hasieran Bartzelonako FICC jaialdiaren ahots berdinen sailean lehenengo saria lortu eta gero Eragiyok Abesbatza Astigarragan izango da datorren larunbatean, uztailak 31n San Inazio egunean, 12:00etatik aurrera Andre Mari Elizan. Eneko Amundarainen zuzendaritzapean arituko da, Ignacio Arakistain organo-jotzailearen laguntzarekin.


Urtarrilean emandako kontzertuak Iparragirreri egindako omenaldia ardatz izan bazuen, egitarau eraberritua dakar oraingoan abesbatzak. Bi zatitan banatutako emanaldia izango da.


Lehenengo zatian, Guridik, Goicoecheak, Iruarrizagak eta Madinak organo eta abesbatzarako egindako eliz-musikako piezak entzun ahal izango dira. Musikenen bere goi mailako organo ikasketak amaitu berri dituen Arakistainek zati honi amaiera emango dio Buxtehude musikagile daniarraren tokata bat joaz.


Honen ostean, euskal folklorea izango da protagonista bigarren zatian. Illunabarra, Boga boga edota Maitasun atsekabea moduko doinu ezagunekin batera Aragüés aita-semeen piezak ere abestuko ditu taldeak. Azken hauek urrian entzun ahal izango dira ere Musikaste 49n, Euskal Musikaren Astean. Beraz, kontzertura bertaratutakoek aukera ona izango dute aurrerapenarekin Errenterian emango denaz gozatzeko.
Kontzerturako sarrera doakoa da, baina gonbidapena hartu behar da. Erribera kulturgunean eta Astigarragako Udaleko webgunearen bitartez eskura daitezke ostiralera arte; egunean bertan elizako atarian bertan hartu ahal izango dira saioa hasi baino lehen, betiere aforoa osatu arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!