Ostegunean bukatu zen epea, herritarrek erabakitzeko zertara bideratu udal aurrekontuaren 110.000 euro. 21 proposamen zituzten aukeran, eta horien artean, Andre Gobadarien ibai parkea haunditzeari dagokiona izan da bozkatuena. Proposamen horren arabera, egungo ibai parkea Portutxoko errotondarekin lotuko dute, Bidebitarte poligonoaren atzetik, oinezko ibilbideari jarraipena emateko.
611 herritarrek hartu dute parte bozketan (joan den urtean baino 93 gehiago), eta bakoitzak lau proposamen aukeratu zitzakeen. Horietatik, 364 izan dira ibai parkea haunditzea aukeratu dutenak. Bigarren bozkatuena izan da kiroldegia haunditu eta hobetzeko proiektua idaztea, 304 botorekin; eta urrutiago geratu da hirugarrena, haur parkeen hobekuntzari dagokiona, 152 botorekin.
Bidebitarteren zati bat asfaltatzeko proposamenak 147 boto jaso ditu; herrigunean ur-parke bat egitekoak 144 boto; Santiomendiko aterpea eta inguruak berritzekoak 121 boto; eta herri baratza parke publiko berri bat egitekoak 111 boto. Gainerakoak ez dira iritsi 100 botora.
Bozkatu dutenen artean, 30 eta 49 urtekoak dira gehienak, 429 astigartar. 16 eta 29 urte bitartean, berriz, 55 herritarrek eman dute botoa. 50 eta 64 urte bitartekoak 97 izan dira; eta azkenik, 65 urtetik gorakoak 30.