Euskal doinuak, akrobaziak eta herri kirolak, bukaera hunkigarriaren aurretik

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 26a, 00:00

Ikusleen algarak eragin zituen Ganso&Ciak, bere zirku ikuskizun inperfektuarekin.

Atzo Santioak dantzan jarri ondoren, Santa Ana egunez emango diote bukaera gaur, aurtengo kultur programazioari.

Festarik gabe ere, beti da berezia Santio eguna, Astigarragan; eta halakoa izan zen atzokoa ere. Kultur programazioan aurreikusitako sei ekintzekin, ondo ospatu zuten egun seinalatua astigartarrek. Bertsoak jarri zizkieten Jone Uriak, Aitor Mendiluzek, Aitor Sarriegik eta Nerea Elustondok, aurtengo jaiegun arraroei eta egungo egoerari. Eta dantzan jarri zituzten Santioak, Oinkari eta Hika konpainiek, eta Astigar dantza taldeak. Biek ala biek erakarri zituzten herritar asko, eta baita ikuskizunaz gozarazi ere.

Atzo izan zen haurrentzako azkeneko emanaldia ere, Panoli kabareta. Gaztetxoenen barreak eragin zituen Ganso&Ciak, zirku ikuskizun inperfektuarekin, hurrengo bideoan ikusi daitekeen bezala:


Eta Santio egunaz gozatu bazuten astigartarrek, beste horrenbeste egiteko aukera izango dute gaur ere, Santa Ana egunez. Euskal doinuak izango dira protagonista eguerdian, Kalakan taldeko hirukotearen eskutik. Arratsaldean, berriz, doinu horiek zirkuarekin eta akrobaziekin uztartuko dituzte Hutsunek eta Ortzik, Urbasa ikuskizuna eskaintzeko. Eta Santa Ana eguna izanik, Goldea elkarteak ere jarri du bere alea, urtero bezala: Gipuzkoako bigarren mailako Aizkolari Txapelketa ekarriko du Foru Plazara, bailarako bi aizkolari tartean direla: Axel Larrañaga hernaniarra eta Suharri Rodriguez Paolla ereñotzuarra.

Aizkolarien lehia estuak ja­rriko ditu azkeneko emozio doinuak, aurtengo kultur programazioa emanaldi berezi eta hunkigarri batekin agurtu aurretik: Balkan Paradise Orchestraren kontzertua, Kontxa Etxeberria plazan.

GAUR, SANTIOTAN

13:00, Kalakan taldearen kontzertua, Kontxa Etxeberria plazan.

18:00, Gipuzkoako bigarren mailako Aizkolari Txapelketa, Foru Plazan (eguraldi txarra eginez gero, Herri Eskolako atarian). Goldea elkarteak antolatuta.

18:00, 'Urbasa' txalaparta, zirku eta akrobazia ikuskizuna, Hutsun eta Ortzi taldeen eskutik, kiroldegian.

20:00, Balkan Paradise Orchestra taldearen emanaldia, Kontxa Etxeberria plazan. Balkanetako doinuak eskainiko ditu Bartzelonako taldeak, Ioan Mihai Sabaila zenaren eta bere jaioterriko Errumaniaren oroimenez, eta Astigarragako jai batzordean egin zuen lanagatik esker onez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!