Giro alaiarekin igaro zuten atzoko eguna astigartarrek, eta ez eguraldiak lagundu zuelako bakarrik. Makina bat instrumentu erabilita, bermutaren ordua girotu zuen Jesus Trincado musikariak, Sagardo Plazan, inguruko tabernetan zeuden herritarren gozamenerako. Eta ordu berean, erritmo biziko doinuez gozatu zuten beste hainbatek Kontxa Etxeberria plazan, Kita Del Pare txaranga astigartarraren emanaldiarekin.
Haurrek ere izan zuten zerekin gozatua, arratsaldean, denak dantzan jarri zituen Gora kasete ikuskizunarekin, Herri Eskolako atarian. Eta Kale Nagusian aritu zen berriro Jesus Trincado iluntzean, Izaro Andresek egunari erremate borobila jarri aurretik, Kontxa Etxeberria plaza beteta.
Musika izan zen protagonista, beraz, Santiotako kultur programazioaren bigarren egunean. Eta gaurkoan, dantzek eta bertsoek hartuko diote erreleboa. Ohikoak izaten dira Santio jaietan, eta aurten, festarik gabe ere, ez dute hutsik egingo. Horrela, Txirrisklako txistulariek herria esnatu ondoren, Gazte dantza ikuskizuna eskainiko dute Oinkarik eta Hikak, eguerdian; eta Astigar dantza taldea ariko da arratsaldean, kiroldegian. Bertsozaleek, berriz, Kontxa Etxeberria plazan izango dute hitzordua, maila haundiko lau bertsolarirekin: Jone Uria, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi eta Nerea Elustondo.
Tartean, Panoli kabaretarekin gozatuko dute haurrek, eta gauean, musikak borobilduko du eguna berriro, MC Onak taldearen eskutik.
GAUR, SANTIOTAN
09:30, Diana, Txirriskla taldeko txistularien eskutik.
13:00, 'Gazte' dantza ikuskizuna, Oinkariren eta Hikaren elkarlan artistikoa, Kontxa Etxeberria plazan.
17:30, 'Panoli kabareta' haurrentzako ikuskizuna, Ganso&Cia konpainiaren eskutik, Herri Eskolako atarian (eguraldi txarra eginez gero, Erribera kulturgunean).
18:00, Astigar dantza taldearen emanaldia, kiroldegian.
19:00, Bertso saioa, Kontxa Etxeberria plazan: Jone Uria, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi eta Nerea Elustondo. Gaiak jartzen: Agin Laburu eta Astigarragako bertso eskola.
22:30, MC Onak taldearen kontzertua, Kontxa Etxeberria plazan.