DBH eraikitzeko lursaila, Eusko Jaurlaritzaren esku

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 24a, 00:00
Aho batez onartu zuten, DBH eraikitzeko lursaila Eusko Jaurlaritzari uztea.

Aho batez onartu zuen Plenoak atzo, ezohiko deialdia, lursaila doan uztea Jaurlaritzari, DBHrentzako eraikina egin dezan bertan.

Ezohiko Plenoa egin zuen Astigarragako Udalak, atzo eguerdian; eta hartutako erabakien arte­an, izan zen bat bereziki garrantzitsua: DBHren eraikina egiteko lursaila Eusko Jaurlaritzaren esku utziko du Udalak, aho batez hala adostuta.

Beharrezko hiritartze lanak eginda eta tentsio haundiko linea elektrikoa lurperatuta, lursaila Hezkuntza Sailaren esku uzteko prest dauka Udalak, eta orain, Jaurlaritzari dagokio hurrengo pausoak ematea, ikastetxea eraikitzeko. Prozesu honetan parte hartu duten udal departamentuen lana eskertu eta aitortu zuen Xabier Urdangarin alkateak, Plenoan; eta eskerrak eman zizkion DBH Orain plataformari ere.

Horren aurretik, lursail horretako partzela baten kalifikazioa aldatu behar izan zuen Udalak atzoko Plenoan, Jaurlaritzaren esku utzi ahal izateko.

 

Sagardoetxearen etorkizunari buruz, herri galdeketa

DBHri buruzko bi puntuak baino lehenago, aurreko Plenoko akta onartu zuten aho batez, eta baita beste bi puntu ere: animalien edukitza eta babesari buruzko ordenantza behin betiko onartzea, aurkeztu diren alegazioak ezeztatuz, «ordenantzaren gaiei buruzkoak ez direlako»; eta Erribera kulturgunearen araudia onartzea, bertako espazioen erabilera arautuko duena.

Aldiz, desadostasunak sortu ziren Sagardoetxearen etorkizu­nari buruzko herri galdeketaren harira. Udal Gobernuak proposatu du herritarrei galdetzea horren inguruan, zer nolako Sagardoetxea nahi duten, «erabaki garrantzitsua» delako; eta horrekin ados azaldu ziren oposizioko alderdiak. Baina herritarrei egingo zaien galderarekin, ez zetozen bat: Ados zaude Sagardoetxearen etorkizuneko proposamenarekin? EAJ-PNVko Nerea Zusberrok nabarmendu zuen, «oso abstraktua» dela galdera, eta ez dituela biltzen «proposamenaren ezaugarri guztiak». PSE-EEko Mikel Duranek ere, adierazi zuen «orokorra» de­la, proposamen bakarra aurkeztuta.

EH Bilduko Andoni Gartziak nabarmendu zuen, «galdera konkretuak» daudela proposamen horren atzean, eta bi gai garrantzitsu herritarrei galdetzeko: non kokatu Sagardoetxea, eta Kontxa Etxeberria eraikina horretarako erabili edo ez.

Izan ere, Sagardoetxea museoaren kokapena aldatzea da Udalaren nahia, eta baita eskaintzen dituen zerbitzu eta jarduerak berritu eta haunditzea ere, «tokiko turismoa eta kultura sustatzeko politika gisa». Espazio arazoagatik, mugatuta dago gaur egun bere jarduera, eta azkeneko urteotan hainbat gogoeta eta lanketa egin dituzte horren inguruan. Aurten, maiatzetik ekainera, eragile eta herritarrekin aztertu du gaia.

Sagardoetxea tokiz aldatzeko gaiak eztabaida haundiak sortu izan ditu iraganean, ordea; eta horregatik, herritarrei galdetzea beharrezkoa dela uste du Udalak. Aurkeztu den proposamenaren arabera, besteak beste, Kontxa Etxeberriako lorategiaren eta sagastiaren artean kokatuko litzateke egoitza berria, gehienbat lurpean; eta beraz, hein haundi batean, herritarrentzako berdegune eta aisialdi eremu izaten jarraituko luke lorategiak. Hori horrela, kultur etxe zaharraren eraikina ez luke erabiliko Sagardoetxe berriak.

EH Bilduren botoekin onartu zuten herri galdeketa egitea eta galdera proposatutako hori izatea, abstenitu egin baitziren EAJ-PNV eta PSE-EE.

Plenoa bukatzeko, hiru kontratazio espedienteren ebazpena onartu zuten aho batez. Lorezaintza zerbitzua Gureak Berdea enpresari esleitu zaio, guztira 171.400,49 euroko prezioan. Gizarte eta hezkuntza arloko eskuhartzeari dagokiona, Asociación de Intervención Socioeducativa Kalexka enpresari esleitu zaio, eta haurren eta nerabeen prebentzio komunitarioko zerbitzua Aisialdi Zerbitzuak enpresari. Eta azkenik, Sasoi Sport enpresari esleitu diote Santiomendiko natur eskolaren eta aterpetxearen kudeaketa, 40.660,80 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!