Gipuzkoako bigarren mailako aizkolarien txapelketa jokatuko da etzi Foru Plazan

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 24a, 00:00
Julen Gabirondok eta Xabier Zalduak, Gipuzkoako Bigarren mailako txapelketan hartuko dute parte etzi Astigarragan.

Axel Larrañaga eta Suharri Rodriguez 'Paolla' hernaniarrek hartuko dute parte 18:00etatik aurrera, beste hamabi aizkolarirekin batera. Irabazleak txapela lortzeaz gain lehenengo mailara igotzea lortuko du.

Ikusmin haundia sortu du astelehenean, Foru Plazan 18:00etatik aurrera, jokatuko den Gipuzkoako Aizkolari Txapelketak. Bigarren mailakoa izango da, baina partaideen artean daude besteak beste Axel Larrañaga eta Suharri Rodriguez Paolla hernaniarrak, Basozabal baserriko Jokin Urretabizkaia, Julen Gabirondo urnietarra eta Xabier Zaldua zumarragarra. Azken orduan Markel Zapiain astigartarrak ezin izango du parte hartu, nahiz eta hasiera batean izena eman zuen.

Bigarren mailako txapelketan saria beti izaten da potoloa. Txapeldun izateaz gain, Gipuzkoako Txapelketa nagusira sailkatzea lortuko du enbor guztiak lehendabiziko postuan mozten dituenak. Lau kanaerdiko eta 60 ontzako bi enbor ebaki beharko dituzte aizkolariek.

Guztira hamalau aizkolarik hartuko dute parte, final batean inoiz egon den kopururik altuena. Hiru txandatan banatuko dituzte aizkolariak; lauko bat eta bi bosteko multzotan banatuta. Denborarik onena egiten duenak lortuko du irabaztea.

Hamalau partaideak hauexek dira: Axel Larrañaga (Hernani), Suharri Paolla (Hernani), Jokin Urretabizkaia (Donostia), Unai Zabala (Leaburu), Ibon Garaiburu (Berastegi), Unai Otaegi (Zizurkil), Andoni Iruretagoiena Izeta VI (Aia), Yulen Aranberri (Zumarraga), Xabier Zaldua (Zumarraga), Julen Gabirondo (Urnieta), Aitor Urteaga (Altsasu), Yon Irazu (Zizurkil) eta Aratz Mugertza (Mutriku). Zaila da faboritoez hitzegitea azken urtean txapelketa eta erakustaldi gutxi egin direnean.

 

Suharri 'Paolla', 'Basozabal', Axel Larrañaga eta Markel Zapiain, San Inaziotako erakustaldian orain bi urte.

Gabirondo eta Zalduaren arteko 'errebantxa'?

Partaidetza interesagarria du txapelketak, inguruko aizkolariak ikusteko aukera dago eta gainera Julen Gabirondo eta Xabier Zalduaren arteko 'errebantxa' ere egon liteke. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak ere lehendabiziko aldiz parte hartuko du txapelketan, pentatloian maila haundia erakutsi eta gero.

Julen Gabirondo segalaria da, baina azken urtean aizkoran ere aritu da pentatloia eta Xabier Zalduaren aurkako apustua prestatzen. Gainera, etzi Foru Plazan, berriz ikusiko dute elkar.

Aizkolari gazte asko dago orain eta etziko partaidetza horren erakusgarri izango da. Gero ere eskarmentu haundiko aizkolariak baitaude.

Gipuzkoako Bigarren Mailako aizkora txapelketa ez da nolanahikoa izaten. Kontuan hartu behar da lehenengo mailan bost aizkolari bakarrik egoten direla eta beraz txapelketa honetako garailea lurraldeko bost aizkolari onenen artean kokatzen da.

Unai Otaño, Eneko Otaño, Joseba Otaegi, Ugaitz Mugertza, Txikia IV... izen haundiko aizkolariek jantzi izan dute txapela.

 

Astigarragako San Ana egunean txapelketa bikainak antolatzen ari dira

Aurtengo txapelketa orain bi urte hasitako ibilbidearen jarraipena da. Pasa den urtean pandemiak bertan behera utzi zituen txapelketa ia denak, baina orain bi urte Goldeak Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa nagusia antolatu zuen Astigarragan.

Bertan izan ziren, besteak beste, Aimar Irigoien eta Mikel Lopetegi 'Urra' eta zarauztarrak izugarrizko lana egin zuen, marka guztiak apurtuz eta harri txikien errege berria bihurtuz. Herri kirolen erreferentzi ari da bihurtzen Foru Plaza eta Santa Ana eguna.

Euria eginez gero Herri Eskolako atarian jokatuko da final haundia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!