Hutsunek eta Ortzik, 'Urbasa' ikuskizun txundigarria eskainiko dute kiroldegian

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 24a, 00:00

Txalaparta soinuak eta zirko akrobaziak uztartuko dituzte etzi Anai Gambra eta Mikel Urrutia txalapartariek eta Ortzi Acosta zirko artistak, 18:00etan.

Hutsun eta Ortziren eskutik Urbasa txalaparta, zirko eta akrobazi ikuskizuna eskainiko da, etzi 18:00etan, Astigarragako kiroldegian. Hutsun 2011n Iruñean sortutako taldea da, eta proiektu berean eskarmentu haundiko bi txalapartari batzen ditu gaur egun; Anai Gambra eta Mikel Urrutia. Ondoren, Ortzi Acosta batu zitzaien Lurrak ikuskizunean. Hortik tiraka, Ortzi «zirkoko artistak» eta Hutsun txalapartari taldeak Urbasa ikuskizun berri ikusgarria sortu dute eta herriz herri eskaintzen ari dira.

Eskarmentu asko du Ortzi arabarrak. Lau aldiz izan zen Espainiako txapelduna gimnasian, eraztunetan (anillas) eta gero ere bost urte eman zituen Cirque du Soleileko artista gisa. Bere eskarmentuak eta profesionaltasunak Hutsun taldearen grinarekin bat egiten duenean, zirko munduan ikusi daitekeen elkar-ulertze bakarra sortu dute. «Ikuskizun paregabea» eta kritika benetan onak izan dituzte.

Urbasa ikuskizunean, musika, zirkua eta akrobaziak uztartzen dira eta 45 minutuko iraupena du. Textu gabeko ikuskizuna da eta publiko guztiarentzako egina. 

Urbasak bi pertsonaiaren historia kontatzen du, zeinak orekan eta harmonian bizi dira inguratzen dituen basoarekin eta hango natura aberatsarekin. Bat-batean, oreka-egoera hori kinka larrian jartzen da industrializazioak, egungo zibilizazioak eta horrek berekin duen guztiak usteldu duten norbanako bat agertzen denean, gatazka sortzen baita bi aldeen artean.

Txalapartaren oiartzunek, natura eta lasaitasuna arnasten duen mendia irudikatzen dute. Baina oraingo honetan, indarra eta teknologiaren bitartez, inguru baketsu hau aldatuko duen ezezagun baten bisita jasoko du naturak.  Mendi hori Urbasako mendilerroa da, muga fisiko eta klimatikoa, betidanik izan da pertsona eta naturaren arteko topaleku.

 

Ibilbide artistiko luzea eta oparoa dute Hutsunek eta Ortzi Acostak

Hutsun taldeak eta Ortzi Acostak ibilbide luzea garatu dute espektakulu ezberdinetan. Kolaborazio asko egin dituzte artista eta talde ezberdinekin, mota anitzeko ikuskizunak sortuz.  Hutsun Txalaparta taldeak  Iruñan du egoitza eta 2011n sortu zuten, urte asko txalaparta jotzen eta ikertzen pasa ondoren. Uharten, Lleidan eta Errotxapean hazi dira txalapartari munduan, baina orain patuak elkartu ditu.

Anai eta Mikelek egiten dute taldearen errepasoa. «Gure hasieran, I Londreseko Txalaparta Topaketan eta Bordeleko Inauteriko kalejiran, besteen artean, parte hartu genuen. Circuito de musica joven por Navarran parte hartzeko aukeratuak izan ginen ere. Eta 2013ko maiatzean Musika Lehiaketa irabazi genuen, Iruñerriko udalek antolatua. Oso argi ikusi genuen  hasieratik zein ziren gure inguruko beharrak. Denok entzun dugu txalaparta noizbait, baina gutxik dakite nondik datorren edota zergatik jotzen den horrela. Horregatik Txalaparta Hutsa izeneko kontzertu didaktikoa sortu genuen».

Atzo, Donostiako Jazzaldian hartu zuten parte Hutsun eta  J.E.L trio ikuskizunean eta egun batetik bestera, sei kilometrotara, Astigarragan beste emanaldi ezberdin batean ariko dira, polifazetikoak direla erakutsiz.

Urbasan Ortzirekin batera eskaintzen dute ikuskizun biziago bat. Ortzi zirku munduan ezagutzen den artistarik profesionalenetakoa da. Bere ibilbidea ikaragarria da. Zinean, antzerkian, zirkuan, kirolean... arlo guzti horietan arrakasta haundiarekin aritu da eta bere akrobaziek txundituta uzten ditu ikusleak.   

Cirque du Soleileko akrobata ohiak, ikusleak aireko harizko zenbakiekin eta indarrezko zenbaki batekin txundituta uztea bilatuko du. Azaldu dutenez, mugimendu akrobatikoak baino poetikoagoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!