Astigarragak Ioan Mihai Sabaila herriko semea omenduko du etzi Kontxa Etxeberrian

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 24a, 00:00
Ioan Mihai Sabaila, artxiboko irudian.

Cultura Romaneasca-Errumaniar Kultura elkartea sortu zuen eta errumaniar komunitatearen eta herriaren alde lan haundia egin eta gero, pasa den otsailean hil zen 43 urterekin.

Astigarragak astelehenean, Balkan Paradise Orchestra taldearen kontzertuaren bueltan Ioan Petre Mihai Sabaila astigartar errumaniarra omenduko du. Ioan Mihai pasa den otsailean hil zen bapatean bihotzekoak jota. Kolpe gogorra izan zen ezagutzen zuten guztientzat. Mihai Sabaila oso estimatua baitzen Astigarragan eta lagunen artean. 


2014 urtetik 2020ra Santiotan Errumaniako kantu, dantza eta bertako produktuen dastapen ekitaldia antolatzen zuen. Honela, hasierako urte horietan bisibilitatea eman zitzaion kanpamenduko komunitate errumaniarrari. Beraiek prestatzen zuten dena; abestu, dantzatu, janaria egin eta poesia ere irakurtzen zuten. 


Azken urteetan Madrildik edo Galiziatik etorritako errumaniar afizionatu taldeek eskaintzen zuten emanaldia, Ioan Mihai Sabailak deituta. Beti, Joseba Barandiaran plazan antolatzen zen, liburutegi zaharraren magalean, 2020an izan ezik, pandemiaren eraginez. Aurreko urtean frontoian egin zen jende gutxirekin eta streaming bidez eskainita. Santiotako jai batzordeko partaide zen Mihai.


Bere oroimena eta historia ezagutzeko Roberto Blanco iruindarrak Astigarragako aldizkarian elkarrizketa eskaini berri du, Urkiri Salaberriak eginikoa. Robertok, Asier Blanco eta Ioan Mihai Sabailarekin batera sortu zuten Cultura Romaneas­ca-Errumaniar Kultura izeneko elkartea.


Urkiri Salaberriak aldizkarian dioen bezala Astigarragan jaiotakoak ez diren astigartar ugari daude. Horietako bat izan zen Mihai Sabaila. Astigartar bezala bizi izan baitzen. Mikel Goenaga apaiza bere laguna zen beste astigartar horietako bat, antiguatarra, eta biak ala biak hil ziren oso gazte bost urteko aldearekin.  

«Behar zutenei laguntza ematea zen bere nahia eta horretarako jendea zaintzen zutenekin elkartzen zen»
Roberto Blancok 2013an ezagutu zuen Mihai Sabaila eta beti deitu izan zion 'Ion', nahiz eta errumanieraz Mihai deitzen zioten, bere hirugarren izena. 
Bucaresten jaio zen 1977an, nahiz eta Pitesti hirian hazi zen, Arges lurraldean, Errumaniako garatuenetako batean. Bere ama biologoa minbiziak jota hil zen bera jaio eta berehala. 2020ko otsailean hil zen Mariak hezi zuen eta ez zuen anai-arrebik. Ongi erlazionatuta zegoen Errumanian bere hiriko politikarien artean, baita beste herrialdeetako pertsonaiekin ere. Horrek, gaztetan beste herrialde ezberdinetan bizitzera eraman zuen. 


2014an Cultura Romaneas­ca-Errumaniar Kultura izeneko elkartea sortu zuen Astigarragan. Roberto Blanco bera zen diruzaina eta Astigarragako Mikel Goenaga parrokoa zen idazkaria, 2016 urtean hil zen arte. 


Elkartearen helburua Astigarragan bizi ziren errumaniar nomaden komunitatearen inguruan antolatzen ziren ekitaldiei babesa ematea zen. Errumaniar kultura ezagutaraztea ere helburu zuen, baita Donostialdea, Gipuzkoa eta Euskal Herriko errumaniar komunitatearen artean ariguneak sortzea ere. Elkartea bera ere Errumanian ezagutarazi zuen eta egiten zituen lanak albiste izaten ziren askotan bertako tokiko komunikabideetan. 


Pertsonen zaintza zen berarentzat garrantzitsuena eta bere ustez pertsonak zaintzen zutenekin elkartzen zen. Euskadiko alderdi politiko esanguratsu guztietan zituen lagunak eta denak berdin tratatzen zituen. 


Astigarragara etorri zen jakin zuenean Urumea ibai bazterrean errumaniarren komunitatea sortzen ari zela. Mikel Goenagarekin jarri zen kontaktuan eta honek Foru Plazako etxe bateko gela batean alkilerra erraztu zion. Bertan bizi izan zen Mikel hil baino hilabete lehenagora arte. 


Astigarragan bizitzen hasi eta berehala jarri zen elizarekin, Udalarekin eta behar zenarekin elkarlanean. Hori autobia azpian bizi ziren errumaniarrak laguntzeko egiten zuen. Hernani eta Astigarragako gizarte, kultur eta eragile poilitikoek azkar izan zuten bere berri eta harrituta geratu ziren bere laguntzeko nahia eta gauzak aurrera ateratzeko zuen griña eta gogoarekin. Baita bere naziotasuna defendatzeko indarrarekin, Euskal Herrira egokitzeko gaitasuna eta erraztasunarekin eta Euskal Herriaz hitzegiteko eragatik, gazte baten irrikarekin. 

«Bihotz-bihotzez nahi zuen euskal jendeak Errumaniako jendea ulertzea eta maitatzea»
Robertok dioen bezala. «Ion edo Mihai oso mutil berezia zen guretzat. Ilusio pertsonifikatua zen. Oso bestelako kultura batean bizitzearen abenturari ekin zion, horrek dakartzan zailtasunekin, norberaren muga eta zailtasunen aurkako borroka etengabean. Ez zuen inolako mugarik onartzen, eta azken egunera arte bere ilusio eta proiektuen alde borrokatzen zuen, nahiz eta oso aldakorrak eta askotarikoak izan». 


Robero Blancoren esanetan, «bihotz-bihotzez nahi zuen euskal jendeak Errumaniako jendea ulertzea eta maitatzea. Bere herria indartsu defendatzen zuen eta miresten zuen zein ondo funtzionatzen zuen Euskal Herriak eta bertako jendeak». 


Astigarragari «bere paradisua» deitzen zion. Atxikimenduak behar omen zituen. «Baina berak ez zuen horretan pentsatzen, baizik eta bere erreakzioa beti laguntzea zen. Egunez egun bere komunitatekoen artean laguntzea».


Milaka esaldiren artean, agian, bere bizitzako azken hamarkada hobekien laburbiltzen duena, mundu guztiari kontatzen zion gertaera dela dio Robertok. «Urez gainezka, beso bakoitzean ume bana atera zuen Urumeako uholdeetatik, errumaniar kanpamendutik. Ez ditugu inoiz ahaztuko zure borroka, energia eta ilusioa. Gogoan ditugu, halaber, zure herrian bizitza konbentzionalik ez egiteko arrazoiak, eta sinesten dugu zuk amesten zenuen mundua hobea dela, eta zuk lortu ez zenuen guztia azkenean posible izango dela, bai hemen eta baita ere zure lurraldean. Mundu guztia errespetatua, ongi hartua eta ongi tratatua izan dadila. Horrek mugitzen zintuen egunero, eta ez dago ezer garrantzitsuagorik. Agur Ion gure laguna beti gogoan izango zaitugu».
 
2017an Kronikari eskaini zion elkarrizketa eta kanpamenduko familien berri eman zuen
Ioan Mihai Sabailak 2017an Kronikari elkarrizketa eskaini zion kanpamendu errumaniarreko familien egoera azaltzeko eta bere ibilbidea ere ezagutarazi zuen elkarrizketa horretan.   Valen­tzian hasi zen lanean, eraikuntzan, eta handik Euskal Herrira etorri zen. Pasaian hasi zen lanean per­tsona bati laguntzen eta aita bat bezala izan dela bere­tzat esan zuen: «Berak erakutsi zidan euskal kultura zer den, herri hau ezagutzen eta maitatzen». Kanpamenduan 50 familiatik gora zeuden. Txabolak utzi eta etxe batean bizitzen jartzea lortu zuten familiak 12-14 izan ziren. 36 familiatik gora 2016 eta 2017 urte artean bueltatu ziren beraien herrira. 


Inguruko kultur mugimenduetan buru belarri sartuta ibili zen eta hori maite zuen. Bere Pitesti hiria Europako kultur hiriburu izatea nahi zuen. «Donostia2016 kultur hiriburu izendatu zuten. Errumaniako Sibiu hiria 2007an izan zen kultur hiriburu» eta aurten, 2021ean Timisoara, beste hiri errumaniarra izango zela, gogorarazi zuen.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!