Bingoarekin eta musikarekin emango diote hasiera gaur, Santiotako kultur programazioari

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 23a, 00:00
Zo-Zongó taldeko kideak, Erribera kulturgunearen inaugurazio ekitaldian.

Haurrentzako bingoa izango da arratsaldean, Herri Eskolako atarian; eta musikak emango dio segida ondoren: Txirrisklako txistularien kalejira, Zo-Zongó taldearen emanaldia, eta Liher taldearen kontzertua.

Jairik ez izan arren, egun seinalatuez gozatzeko aukera izango dute astigartarrek, gaurtik. Lau egunetako kultur programazioa prestatu dute, eta haurrentzako bingoak eta musikak emango diote hasiera.

Arratsaldeko 16:00etan hasi­ko da bingoa, Herri Eskolako ata­­rian, Xaguxar Aisialdi Taldeak antolatuta. Aurrena, 2014 eta 2017 urteen artean jaiotakoak ariko dira bingoan, heldu baten laguntzaz; eta ondoren, 2009-2013 artean jaiotakoen txanda izango da, bakarrik.

Bingoa bukatzean, herriko bi taldek alaituko dituzte kaleak eta plazak, musikarekin. Aurrena, kalejiran abiatuko dira Txirrisklako txistulariak; eta segidan, bere emanaldia hasiko du Zo-Zon­gó taldeak, Kontxa Etxeberria plazan.

Txistu eta perkusio doinu horiekin ez da bukatuko musika, gaurkoz. Izan ere, Liher taldeak ere eskainiko du kontzertua gaur gauean, Kontxa Etxeberria plazan bertan.

Zo-Zongó eta Liher taldeen emanaldietarako, aldez aurretik eskuratu behar ziren sarrerak, doan.

 

GAURKO EGITARAUA

16:00, Haurrentzako bingoa, Herri Eskolako atarian. Xaguxar Aisialdi Taldeak antolatuta. Txartelak aldez aurretik eskuratu behar ziren. 16:00etan izango da 2017-2014 urteetan jaiotakoentzat, heldu batekin; eta 17:30etan 2013-2009 urteetakoentzat, bakarrik.

19:00, Txirriskla taldeko txistulariak, kalejiran.

19:15, RocKalean: 'Rock n' Rolla gordinean', Zo-Zongó taldearen emanaldia, Kontxa Etxeberria plazan.

22:30, Liher taldearen kontzertua, Kontxa Etxeberria plazan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!