Joseba Barandiaranen oroimenez, plaka jarriko du Donostiako Udalak, astigartarra hil zuten tokian

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 22a, 00:00
Herritarrak Joseba Barandiarani loreak eskaintzen, joan den urteko omenaldian.

Larunbatean izango da ekitaldia, eta Donostiako San Bartolome kaleko 12garren zenbakiaren parean jarriko dute plaka oroigarria, bere heriotzatik 43 urte bete direnean.

43 urte bete dira, poliziaren bala batek hil zuela Joseba Barandiaran Urkola astigartarra, 1978ko uztailaren 11n. Donostian izan zen, Iruñeko San Ferminetako gertakarien harira egin zuten manifestazioan. Aldapetako is­ti­lue­tan izan zen hori.


Eta larunbat honetan, Joseba Barandiaranen oroimenezko ekitaldia antolatu du Donostia­ko Udalak: plaka oroigarri bat jarriko dute, astigartarra hil zu­ten toki berean; zehazki, Donostiako San Bartolome kaleko 12ga­rren zebakiaren parean. 


Eguerdiko 12:00etan izango da hori, eta herritar guztiei irekia izango da ekitaldia.

Urtero omenaldia, Astigarragan
Astigarragan ere, urtero gogoratu ohi dute Joseba Barandiaran, omenaldi bereziekin. Duela hiru urte, 40garren urteurrenarekin, hainbat ekintza antolatu zituen Joseba gogoan! ekimen herritarrak. Eta egun hartan ere, Aldapetara joan ziren herritarrak, arratsaldean, Joseba Barandiaran gogoratzera.
Joan den urtean ere, ekitaldi berezia egin zuten Zipotzaren kanpoaldean, egia, justizia eta erreparazioa eskatuz. Lore eskaintza egin, agurra dantzatu eta zenbait bertso eskaini zizkioten, bertaratutakoek.


1978an, istiluak izan ziren Iruñeko San Ferminetan, eta ho­rietan, poliziaren tiro batez hil zen uztailaren German Rodriguez, Liga Komunista Iraultzaileko kidea, uztailaren 8an. Hori salatzeko deitu zuten greba orokorra, eta egin zuten manifestazioa Donostian, uztailaren 11n. Bertan hil zen astigartarra, poliziaren beste tiro batez. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!