Jairik gabeko Santioetan, kulturaz lasai gozatzeko aukera zabala izango dute astigartarrek, etzitik

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 21a, 00:00
'Gazte' dantza ikuskizuna eskainiko dute igandean Oinkari dantza taldeak eta Hika Teatroak. Argazkia: Oinkari

Lau eguneko kultur programazioa prestatu dute, eta emanaldi gehienetarako eskuratu behar dira doako sarrerak, 'astigarraga.eus' webgunean edo Erriberan. Kontzertua eskainiko dute Liher taldeak, Izaro abeslariak eta MC Onak taldeak.

Ezohikoak izango dira uztaila­ren bukaerako egun seinalatu­ak, aurten ere, astigartarren­tzat. Ez da jairik izango San­tio­etan, une honetako egoera zailak segurtasun neurri guztiak betetzea exijitzen duelako. Baina, behintzat, kulturaz lasai goza­tzeko aukera zabala izango dute herritarrek, datozen egun berezietan. Izan ere, lau eguneko egitaraua prestatu dute, Udalak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean, etzitik astelehenera.

Xaguxarrek haur eta gaztetxoentzat prestatu duen bingoarekin hasiko da programazioa ostiralean, eta Txirrisklako txistularien ka­­lejirak, Zo-Zongo taldearen ema­­naldiak eta Liher taldearen kon­tzertuak emango diote segida.

Hain justu, musika izango da protagonista nagusia, lau egun horietan zehar: Jesus Trincadoren bi saio, Kita Del Pare txarangaren emanaldia eta Izaro abeslariaren kontzertua izango dira larunbatean; MC Onak taldeak joko du igandean; eta Kalakan taldeak astelehenean.

Baina musika baino gehiago izango da kultur egitarau berezian. Haurrentzako, bi ikuskizun izango dira asteburuan: Eidabe konpainiaren Gora kasete larunbatean; eta Ganso&Ciaren Panoli kabareta igandean. Dantza emanaldirik ere ez da faltako, eta igandean izango dute toki berezia: eguerdian, Gazte dantza ikuskizuna eskainiko dute Oinkarik eta Hikak; eta arratsaldean, Astigar dantza tal­deak eskainiko du emanaldia.

Bertsolariak ere, igande arra­tsaldean izango dira protagonista: Jone Uria, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi eta Nerea Elustondo ariko dira, Agin Laburuk eta Astigarragako bertso eskolako kideek jarritako gaiekin.

Eta astelehenean, hiru zita berezirekin emango diote buka­e­ra egitarauari. Batetik, Gipuzkoako bigarren mailako Aizkolari Txapelketa jokatuko da Foru Plazan, bailarako zenbait aizkolarirekin. Bestetik, Urbasa txalaparta, zirku eta akrobazia ikuskizuna eskainiko dute Hutsun eta Ortzi taldeek. Eta azkenik, Balkan Paradise Or­chestraren kontzertua izango da: Balkanetako doinuak eskainiko dituzte, Ioan Mihail Sabaila astigartarraren oroimenez, eta jai batzordean egin zuen lana eskertzeko.

Doako sarrerak, eskuragarri

Doakoak izango dira saio guztiak, baina emanaldi gehienetarako, sarrera eskuratu behar da aurrez: astigarraga.eus webguneko Sarrerak erosi atalean, edo Erribera kulturgunean. Sarrera­rik geratuko balitz, emanaldiaren aurretik ere izango dira eskuragarri, bertan.

 

UZTAILAK 23

16:00, Haurrentzako bingoa, Herri Eskolako atarian. Xaguxar Aisialdi Taldeak antolatuta. Txartelak eskuragarri gaur arte. 16:00etan izango da 2017-2014 urteetan jaiotakoentzat, heldu batek lagunduta; eta 17:30etan 2013-2009 urteetakoentzat, bakarrik.

19:00, Txirriskla taldeko txistulariak, kalejiran.

19:15, RocKalean: 'Rock n' Rolla gordinean', Zo-Zongo taldearen emanaldia, Kontxa Etxeberria plazan.*

22:30, Liher taldearen kontzertua, Kontxa Etxeberria plazan.*

UZTAILAK 24

13:00, Jesus Trincado musikariaren 'Músicas del mundo' emanaldia, Sagardo plazan.

17:30, 'Gora kasete' haur ikuskizuna, Eidabe konpainiaren eskutik, Herri Eskolako atarian (euria eginez gero, Erribera kulturgunean).*

19:00, Kita Del Pare txarangaren emanaldia, Kontxa Etxeberria plazan.*

20:00, Jesus Trincado musikariaren 'Route 64-P, smooth jazz' emanaldia, Kale Nagusian.

22:30, Izaro abeslariaren 'Limones en invierno' birako kontzertua, Kontxa Etxeberria plazan.*

UZTAILAK 25

09:30, Txirriskla taldeko txistularien diana.

13:00, 'Gazte' dantza ikuskizuna, Oinkari eta Hikaren elkarlan artistikoa, Kontxa Etxeberria plazan.*

17:30, 'Panoli kabareta' haur ikuskizuna, Ganso&Cia konpainiaren eskutik, Herri Eskolako atarian (euria eginez gero, Erriberan).*

18:00, Astigar dantza taldearen emanaldia, kiroldegian.*

19:00, Bertsolariak, Kontxa Etxebe­rria plazan: Jone Uria, Aitor Men­diluze, Aitor Sarriegi eta Nerea Elustondo. Gai-jartzaile: Agin Laburu eta Astigarragako bertso eskola.*

22:30, MC Onak taldearen kontzertua, Kontxa Etxeberria plazan.*

UZTAILAK 26

13:00, Kalakan taldearen kontzertua, Kontxa Etxeberria plazan.*

18:00, Gipuzkoako bigarren mailako Aizkolari Txapelketa, Foru Plazan (euria eginez gero, Herri Eskolako atarian). Goldea elkarteak antolatuta.

18:00, 'Urbasa' txalaparta, zirko eta akrobazia ikuskizuna, Hutsun eta Ortziren eskutik, kiroldegian.*

20:00, Balkan Paradise Orchestra taldearen emanaldia, Kontxa Etxe­berria plazan. Bartzelonako musikari taldeak Balkanetako doinuak joko ditu, Ioan Mihail Sabailaren eta bere jaioterriko Errumaniaren oroimenez, eta Astigarragako jai batzordean eginda zuen lana eskertzeko.*

*Izartxoarekin markatutako emanaldi guztietarako, sarrera eskuratu behar da aldez aurretik, doan, astigarraga.eus webgunean edo Erribera kulturgunean. Sarrerarik geratuko balitz, emanaldia hasi aurretik ere eskuragarri egongo dira bertan.

Gogorarazi eta nabarmendu dute, eraso sexista oro dagoela baztertuta kultur jarduera horietan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!