Aurrekontu partehartzaileen galdeketa hasi da, 110.000 euro zertan erabiliko diren jakiteko

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 16a, 00:00
Aintzane Barandiaran zinegotzia eta Xabier Urdangarin alkatea, atzo udaletxean.

21 proposamen iritsi dira galdeketara eta astigar bakoitzak lau aukeratu ditzake. Bozketa internetez eta kalean jarriko diren mahaietan egingo da. Atzotik, hilaren 22ra arte dago aukera.

Astigarragan aurrekontu partehartzaileen galdeketa egingo da uztailaren 22ra arte, eta atzo eman zitzaion hasiera. Honekin, 110.000 euro zertan erabiliko diren erabakiko da. Herritarrek egindako 301 eskaeren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertu ondoren, 21 ekimen iritsi dira azken fasera. Baztertu egin dira Udal eskumenekoak ez diren gaiak, jarritako aurrekontua gainditzen dutenak edota bideragarritasun teknikorik ez dutenak. Halaber, kasu batzuetan hainbat proposamen bateratu egin dira, oso antzekoak zirelako.

«Orain herritarren ordua da» azpimarratu zuen Xabier Urdangarin alkateak aurkezpenean, Aintzane Barandiaran zinegotziarekin batera. 21 aukera hauetatik, bakoitzak lau aukeratuko ditu, eta aukera bozkatuenean inbertituko dira 110.000 euroak. Pertsona bakoitzak behin bakarrik aukeratu ditzake lehenetsitako proiektuak. 

Telematikoki edo boto presentziala lau egunetan
Botoak uztailaren 22ra arte eman daitezke eta horretarako bi bide daude. Boto telematikoa www.astigarraga.eus/eu/parte-hartu helbidean sartu eta bertan aukera egin daiteke. 

Boto telematikoa eman ezin dutenentzat, boto presentziala emateko aukera jarriko dute, egun, leku eta ordu hauetan:  Joseba Barandiaran Plazan uztailaren 19an, astelehenean, 19:30etatik 21:00etara; Norberto Almandoz Plazan uztailaren 20an 19:30etatik 21:00etara; Kontxa Etxeberria Plazan uztailaren 21an 12:00etatik 13:30etara; Ergobia plazatxoan uztailaren 22an, 12:00etatik 13:30etara. 

Ondoko 21 proiektuetatik, lau
21 ekimenen artean lau aukeratu behar dira eta ondokoak dira proiektu horiek: Skate park bat Portutxon, Ibai-parkea haunditzea, Bidebitarteren zati bat asfaltatu, Goiko Iturriko ingurua egokitu, autokarabana gunea Portutxon, bizikleta aparkaleku estali eta itxiak, Anuska auzoaren hiritartze partziala, Udal eraikinetan eguzki plakak isntalatzea, Kale Nagusia eta Foru Enparantza oinezkoentzat atseginago egin, herri baratza, parke publiko berri bat, eskulanetarako tailerra Ergobian, laguntza plaka fotovoltaikoak jartzeko, haur parkeen hobekuntza, kiroldegia haunditu eta hobetzeko proiektua idaztea, Santiagomendiko aterpea eta inguruak berritu, mural parkea herrian zehar, ur-parke bat egin herrigunean, Arrobitxulon gune estali bat egokitu, Murgia parkean hobekuntzak, Ubarburu poligonoaren hiritartzea hobetu eta parkour gune bat egin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!