Uztailaren 1ean martxan jarritako autobus zerbitzu berriarekin, Foru Aldundiak bidaia kopuruan %20ko murrizketa egin du Astigarragako zerbitzuan, eta herri barruko geltokiak kendu ditu. Horrekin batera, lehen egunetan gorabehera ugari izan direla azaldu du Astigarragako Udalak: «zerbitzuek ordutegia ez dute bete, eta astigartarrek kalte ugari jasan dituzte».
Mozioa eta eskaera, Foru Aldundiari
Horren aurrean, Udalak, ekainaren 28an egindako Osoko Bilkuran, mozioa onartu zuen, Foru Aldundiari eskaera hauek eginez: «Astigarragako zerbitzuetan murrizketarik ez aplikatzea eta, areago, baliabideak haunditzea, biztanle kopuruaren hazkundeari eta astigartarren eskariari egoki erantzuteko; A2 (zerbitzu berrian BU13) linearen maiztasuna haunditzea eta 20 minuturokoa izatea; A1 (zerbitzu berrian BU12) linearen maiztasuna orain artekoa izatea, hau da, 30 minuturokoa; Astigarragako herri barruko geltokiak ez kentzea; eta Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta Astigarragako Udalaren arteko lan mahai bat sortzea, Astigarragako garraio publikoa hobetzeko beste aukerak aztertzeko (dBusen 26 eta 35 lineak Astigarragara luzatzeko aukera)».
Hori kontutan izanik, «zerbitzu berriaren inguruko ezinegona, kezka eta kexak nabarmenak» direla dio Udalak. Hori horrela, gaur arratsaldeko 18:30etan, herritarrekin bilera irekia antolatu da, Erribera kulturguneko antzokian.
Bileraren helburua da, batetik zerbitzu berriaren balorazioa egitea (murrizketak, zerbitzua martxan jartzeko modua...); eta bestetik, hurrengo urratsei buruz hitz egitea. Horregatik, bilerara bertaratzeko deia luzatu die Udalak, herritarrei.