Eragiyok finalista izendatu dute Bartzelonako Nazioarteko Jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 4a, 00:00

San Inazio egunean Eragiyok abesbatzak parrokian eskainiko du kontzertua.

Bideoen lehiaketa telematikoan hartu du parte abesbatza astigartarrak, eta finala uztailaren 11n izango da.

Eragiyok abesbatza finalista izendatu dute, Bartzelonako LVI. Nazioarteko Abesbatzen Jaialdian. Kataluniako Abesbatzen Federazioak urtero antolatzen duen jaialdiak formatu berezia iragarri zuen aurten, eta presentzialki kontzertuak antolatzeaz gain, bideoen lehiaketa telematikoa prestatu zuten.

Partehartzaile bakoitzak, bi abesti aukeratu eta aurkeztu be­har zituen lehiaketara, azken bi urteetako emanaldien artean: eliz-musikako pieza bat, eta bere herrialdeko beste bat. Astigarragako abesbatzak, ahots berdinen modalitatean izena eman zuen, eta Antxon Sierra Oroituz jaialdian eskainitako bi obra hautatu zituen: Pascual Aldaveren Agur, Maria; eta Jose Maria Gonzalez Bastidaren Ara nun diran.

Finalean ahots zurien beste bi talde izango ditu aurrez aurre: Lituaniako Female Choir Lepos, eta Hungariako Béla Bartók Female Choir.

Bideoak ikusgai izango dira Kataluniako Abesbatzen Federazioaren YouTubeko kanalaren bitartez bihar gauetik aurrera, eta lehiaketaren epaimahaiak irabazlearen berri datorren uztailaren 11n emango du.

 

San Inazio egunez, Astigarragako parrokian

Pandemiak ekarritako ziurgabe­tasunaren ondoren, Eragiyokek be­rri pozgarri honekin ekingo die hurrengo konpromisoei. Horietan lehenengoa, San Inazio egunez etorriko da, Astigarragako parrokian emango duen kontzertu bereziarekin, Ignacio Arakistain organo jotzailearen laguntzarekin. Doakoa izango da, baina gonbidapena beharko da, eta eskuragarri daude Udalaren webgunean, Erriberan edo egunean bertan eliz atarian.

Kontzertu hau datorren irailetik aurrera izango dituen hitzordu garrantzitsuen aurrekaria izango da. Gero etorriko dira Musikasten (Errenterian) eta Kan­boko Otxoteen jaialdian eskainiko dituen kontzertuak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!