Datorren astean hasiko da elkarteen eta adinekoen arteko elkarlana, Astigarraga Ehuntzen egitasmoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 3a, 00:00

Udaleko, Galtzaurreko eta Bat, Bi ta Hiruko ordezkariak, atzoko aurkezpenean.

Herri osoarentzako jarduerak antolatuko dituzte elkarrekin, herriko 11 elkartek eta adinekoek. Orain ekingo diote antolaketari, irailean zehaztuko dituzte jarduerak, eta urte bukaerara arteko egitaraua prestatuko dute horiekin.

Joan den urtean, elkarrekin lanean eta solasean jarri zituen Astigarraga Ehuntzen egitasmo­ak, adinekoak eta Arantzazuko Amako DBHko. Eta aurten, bigarren edizioan, herriko elkarteekin jarri ditu harremanetan, herriko adinekoak: hainbat jarduera antolatuko dituzte elkarrekin, herri osoarentzat.

Asmo horrekin, eta Udalak eta Bat, Bi ta Hiru aholkularitza enpresak gidatuta, eman dituzte aurreneko pausoak. Aurrena, herriko elkarteekin harremanetan jarri, haien partehartzea bultzatu, eta elkarteak ezagutarazi zizkieten adinekoei. Guztira, 11 elkartek hartuko dute parte: AEK euskaltegia, Aiztondo abesbatza, Emakumeon Etxea, Eragiyok abesbatza, Galtzaur, Gaztelekua, Goldea, Harituz, Norberto Almandoz Musika Eskola, Xaguxar, eta Astigar dantza taldea. Eta ondoren, bi partehartze saio egin zituzten, egitasmoan parte hartu nahi zuten adinekoekin, eta elkarteetako ordezkariekin, elkar ezagutzeko, kezkak eta beharrak aditzera emateko, eta ideiak mahai gainean jartzeko.

 

Aukerak aztertu, elkarlanari ekin eta herriarentzako jarduerak antolatzeko garaia

Hori eginda, hirugarren faseari ekingo diote datorren astean. Horretan, zehaztuko dituzte elkarteen eta adinekoen arteko lankidetza aukerak, elkarrekin jarduerak sortzeko. Horretarako, dinamizatzaileek bilera bana egingo dute elkarteekin, egingo den jarduera zehaztu eta adinekoekin lan egiteko hurrengo urratsak finkatzeko. Ondoren, uztailean eta irailean, elkarlanean aritzeko bilduko dira adinekoak eta elkarteak, jarduerak sortu, planifikatu eta gauzatzeko. Eta azkenik, irailaren bukaeran, aditzera emango dute jarduera horiek bilduko dituen egitaraua. Urte bukaerara bitartean izango dira, herri osoari zuzenduta.

«Egitasmoaren helburua da, benetako balioa duen partaidetza sarea sortzea, denen ongizatea bilatzeko. Sortu nahi ditugu, urtero errepikatu daitezkeen ekintzak, adinekoak herriko dinamikan txertatzeko», azaldu zuen Aintzane Barandiaran zinegotziak, atzoko aurkezpenean.

Parte hartzeko aukera zabalik dago oraindik, eta interesa duenak, telefonoz deitu dezake: 680 497 090. Animatzen diren adinekoek, aukeratuko dute zein elkarterekin nahi duten antolatu jardueraren bat. «Izan daiteke elkarte bakoitzarekin ekintza bat antolatzea adinekoek, edo elkarteak ere elkarlanean aritzea, jarduera bat antolatzeko. Hori lehendik ere gertatzen da Astigarragan, eta aukera ona da egitasmo hau, elkarlan hori plazaratzeko», azaldu zuen Bat, Bi ta Hiruko Ibon Garmendiak.

Antolatuko diren ekintzetan ez ezik, «antolakuntzan eta sorreran ere hartuko dute parte adinekoek oraingoan», Josi Roig aholkulariak nabarmendu zuenez. Eta aukera aprobetxatzeko deia luzatu zuen Bixente Arrizabalagak, Galtzaurreko zuzendaritzako kideak: «jubilazio aktiboa izateko modu bat da, elkarte ezberdinak ezagutuz, eta deskubrituz nola hartu dezakegun parte horietan. Asko aportatu dezakegu guk ere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!