«EH Bilduk ez ditu herritarren interesak behar bezala defendatu»

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 3a, 00:00

Martxan da, dagoeneko, autobus zerbitzu berria, «%25eko murrizketarekin». EAJ-PNVk esan du EH Bilduk «hipokresia jarrera» izan duela. 

Herenegun jarri zuen martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Buruntzaldeako autobus lineen zerbitzu berria. Udal ordezkariek mozioa aurkeztu zuten azkeneko plenoan, asteartean; izan ere, diote ez dela onargarria «biztanle kopuruan %32 hazi den herriari autobus zerbitzuan %25eko murrizketa aplikatzea».

Horren bueltan, EAJ-PNV ez da ados agertu EH Bilduk prozesu guztian izandako jarrerarekin. Are gehiago, alderdiaren ustean, EH Bilduk Astigarragako autobus zerbitzuaren inguruan hartutako jarrera «hipokresia ariketa berri bat» izan da; «zergatik egiten dituzte mozio bidezko eskaera berriak, aldez aurretik Aldundiari jakinarazi ez zaizkionak?».

Alderdi jeltzalearen iritziz, «EH Bilduk ez ditu Astigarragako herritarren interesak behar bezala defendatu Foru Aldundiko Mugikortasun Sailarekin izandako elkarrizketetan». Horren haritik, hauxe zehaztu dute: «mozioan ez da eskatzen Astigarraga Ospitaleak-Antiguorekin (Unibertsitatea) lotuko duen linea bat martxan jartzea. A3 linea berreskuratzea zen EH Bilduk aurreko legealdian egin zuen eskaeretako bat, sutsu aurpegiratu zuten gainera, eta alkatetza hartu ondoren ahaztu egin zaiela dirudi».

 

EH Bilduk epeak bete ez dituela salatu du EAJ-PNVk

EH Bilduk Astigarragan «autobus-zerbitzu duina bermatzeko» aurkeztu zuen mozioari buruz, EAJ-PNVk adierazi du adostutako epeak ez zirela bete. Batetik, diote EH Bilduk ez ziola eskatu Aldundiko Mugikortasun Sailari Astigarragako barruko geltokiak mantentzea. Eta, bestetik, helarazi dute EH Bilduk ez ziola eskatu Aldundiko Mugikortasun Sailari A1 autobusaren egungo maiztasuna mantentzeko.

 

Hainbat eskaera egin dizkiote jeltzaleek, EH Bilduri

Aurreko guztia kontuan hartuta,  EAJ-PNVk EH Bilduren udal gobernuari eskatu dio Foru Aldundiari lau eskaera lantzea: «udalerriaren barruko geltokiak mantentzea, Uztailaren 1ean ezarri zen zerbitzu berria udan berrikusteaz gain; ikasturte berria hasi ondoren ere berrikustea (bidaiari kopurua aldatu daiteke); A1aren ordutegiak moldatzea ikastetxeetarako sarreraren arabera; eta, horrez gain, EAJ-PNVk Donostiako Udalarekin bilera bat egiteko gonbita egin dio gobernu-taldeari, dBus zerbitzua Astigarragara luzatzeko asmoz». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!