Uztailerako Astigarragako Udalak kultur agenda argitaratu du eta egon tailer, erakusketa, ikusentzunezko eta kultur emanaldiz josia dator udara. Musikak ere tarte zabala izango du SagarKultur ekimenaren barruan Astarbe sagardotegiaren terrazan, uztailaren 25era arte.
Ondorengoak dira zazpi emanalditan parte hartuko duten taldeak: Sua, Nerea eta Mariano Kontukontzertuan, Bertso musikatuak, BIREN, Andoni Ollokiegi, Bulego eta Esti eta Mikel Markez.
Hala ere, hilabeteko lehenengo hitzordua bihar izango da Erribera kulturgunean martxan jarriko den zura tailatzeko ikastarokoek egindako lanen erakusketarekin. Astelehenera arte egongo dira lanak ikusgai 09:00etatik 13:00etara lanegunetan eta 11:00etatik 13:00etara asteburuan.
Leku berean, asteazkenero, uztailaren 7an, 14an, 21ean eta 28an tailerrak izango dira, 18:00etan. Harituz elkarteak eta Skolastikak antolatu dituzte eta parte hartzeko astiharituz@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Uztailaren 9an Astigarraga aldizkaria, 40 urte historia egiten proiekzio-aurkezpena egingo da, Erriberan, 19:00etan. Ikusentzunezkoa da eta ondoren aurtengo aldizkaria aurkeztuko da.
Aurten Zinema kalean bi egunetan izango da. Uztailaren 9an Abuelos pelikula proiektatuko da, Kontxa Etxeberria plazan, 22:30etan. Uztailaren 16an, Puñales por la espalda pelikularen txanda izango da.
Erriberako terrazan ere izango dira musika emanaldiak. Uztailaren 17an Petra taldeak Bideak bere lehen diskoa aurkeztuko du, 20:00etan. Uztailaren 30ean 3ezur taldeak eskainiko du emanaldia pop-rock musika formatu akustikoan.
Hilabetea amaitzeko, San Inazio egunean, uztailaren 31n, Eragiyok abesbatzak Ignacio Arakistain organo jotzailearen laguntzarekin kontzertua eskainiko dute 12:00etan Andre Mari Elizan. Doan da, baina gonbidapena behar da eta Udalaren webgunean dago eskuragarri, Erribera kulturgunean edo egunean bertan elizaren atarian.
Gazteentzako sormen asteak uztailaren azkenengo astean hasiko dira. Azkenik, aipatu Santiotako kultur eskaintza berezia prestatuko dela, baina uztailaren erdi aldera emango da ezagutzera 23tik 26rako egitaraua.