Buruntzaldeko autobus lineen zerbitzu berria jarriko du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak etzi uztailaren 1ean, besteak beste Astigarragari zerbitzua ematen dioten A1 eta A2 lineen zerbitzu berria.
EH Bilduk osatzen duen Udal Gobernuak zerbitzu berrian murrizketak aplikatzen direla adierazi nahi du. «Aldundiak hasiera batean bi proposamen egin zizkion Udalari eta Udalak aipatutako neurrien aurkakotasuna adierazi zuen. Udalak ere posizioa herritarrekin konpartitu eta adostu nahi zuela adierazi zuen eta Foru Aldundiak egindako proposamenei erantzuteko konpromisoa hartu zuen».
Foru Aldundiak Astigarragari idatziz jakinarazi zion bere erabakia: «A2 linea bere horretan mantenduko da, maiztasuna haunditu gabe; A1 linea orduerdiro izango da, baina geltokiak murriztuta. Asteburuetako zerbitzuari buruz idatziak ez du xehetasunik ematen».
«Astegunetan %5a murriztuko da eta larunbatetan %31 eta igandetan %42a»
Gipuzkoako Foru Aldundiak garraiorako zerbitzu publikoaren bidez emateko emakidaren kontratuan agertzen denez, «Astigarragako lineetan hurrengo murrizketak aplikatuko dira: Hau da, astegunetan zerbitzua %5 murriztuko da, larunbatetan %31 eta igandetan, aldiz, %42».
Xabier Urdangarin alkateak atzoko agerraldian adierazi zuenez, «Astigarragak, gutxienez 2014tik autobus zerbitzu berdina jasotzen du eta ordutik hona Astigarragaren biztanleria 1.700 pertsona gehiagotan hazi da (hau da, %31,9ko hazkundea izan du). Halaber, Astigarragak garraio publikoko zerbitzu bakarra du, A1 eta A2 lineek osatzen dutena. Azken urteotan zerbitzu hori oso eskasa izan da eta gorabehera ugari gertatu dira (autobusetan matxurak, garbitasun eza, irisgarritasuna bermatzen ez duten autobusak, herritarrak geltokian geratzea autobusean lekurik gabe...). Horren ondorioz, astigartar askok garraio publikoa baztertu egin dute ez dielako ziurtatzen kalitatezko zerbitzurik lanera edo ikastera modu duinean eta garaiz iritsi ahal izateko».
Hori guztia kontuan hartuta, «ez da onargarria biztanle kopuruan %32 hazi den herriari autobus zerbitzuan %25eko murrizketa aplikatzea».
Urdangarinek dio, horrekin batera, zerbitzu berriak geltokien kopurua murriztuko duela, «izan ere, A1 linearen Astigarraga barruko geltokiak desagertu egingo dira, herritar askoren irisgarritasuna zailduz».
Gainera herritarren kexak iritsi dira Udalera eta «Aldundira bideratzea eskatzen dugu, beraien ardura baita garraioarena», dio alkateak.
Beste aukera batzuk planteatu ditu Udalak
Astigarragako Udalak landu eta onartu duen Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planak beste aukera batzuk mahai gainean jarri ditu, hain zuzen ere Donostiako Udalaren dBus zerbitzuaren bi linea luzatzea (batetik, dBusen 26. linea, Martutenera iristen dena; eta, bestetik, 35. linea, Antiguo-Aiete-Ospitaleak). Donostiako Udalarekin eta Foru Aldundiarekin elkarlanean landu behar diren aukerak dira eta Udala jarri da bi erakunde horiekin harremanetan aukera horien bideragarritasuna aztertzeko.
Gaurko Plenora mozioa, gai bakar bezala
Hori guztia kontuan hartuta, Udal Gobernuak gaurko Osoko Bilkurara mozioa aurkeztuko du, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaera hauek egiteko:
«Astigarragako zerbitzuetan murrizketarik ez aplikatzea eta, areago, baliabideak haunditzea, biztanle kopuruaren hazkundeari eta astigartarren eskariari egoki erantzuteko».
«A2 (zerbitzu berrian BU13) linearen maiztasuna haunditzea eta 20 minutuerokoa izatea».
«A1 (zerbitzu berrian BU12) linearen maiztasuna orain artekoa izatea, hau da 30 minutuerokoa izatea eta Astigarragako herri barruko geltokiak ez kentzea».
Etzi informazio autobusa jarriko da Taxi geltokian informazioa emateko
Astigarragako Udalak atzo jakinarazi zuenez, «zerbitzua martxan jartzeko bi egun faltan, oraindik ere ez dakigu ordutegi berria, ez eta zein geltoki kenduko den edo diren».
Hala ere, etzi ostegunean, taxi geltokian informazioa emango duen autobus bat jarriko du Aldundiak, 16:00etan. Bertan emango da informazioa