Krisi-klimatikoa, laster ikusgai munduko zinema-areto guztietan

Irati Oskoz Eguiguren 2021ko eka. 29a, 00:00
Energia-iturri berriztagarrien itxura oso polita izan arren, ingurumena ere kutsatu eta kaltetzen dute, espezieen habitata suntsituz eta herriak hondoratuz, besteak beste.

Irati Oskoz Eguiguren
Arantzazuko Ama BHIko DBH4ko ikaslea

Harrigarria da nola pelikula apokaliptiko batetaz ariko bagina bezala hitz egiten dugun etorkizunaz. Eta hala da, ez dut ezetzik esan nahi, baina argi dago honek gehienetan mugiarazi beharrean paralizatzen gaituela. Etorkizunari begira ez dago itxaropenik eta askotan ikusi izan dut jendeak nola estaltzen dituen belarriak horretan ez pentsatzearren, hobe delako frogak ezeztatzea eta dena dagoen bezala geratuko dela pentsatzea. Eta erabat ulertzen dut sentimendu hori, galera eta suntsiketa ia arlo guztietan ikusten dugulako, bereziki maite ditugun horietan, eta hori onartzea guztiz etsigarria izango litzateke, niretzat gutxienez. Eta horrexegatik, multinazionalek, dirudunek eta gobernuek esaten dutenaren aurka joanda, alegia, dagoeneko ez dagoela atzera bueltarik eta egin dezakegun gauza bakarra ondorioak arintzea dela, idazlan hau idazten dut. Ez ados ez nagoelako, baizik eta ziria sartu nahi digutelako kontu harekin, haiek ezer aldatu ezingo balute bezala, munduko diru eta botere guztia duten arren eta haiek proposatzen duten «konponbide» bakarra negozioari izena aldatzea izanda, honi itxura berdea emanez eta beste guztia bere horretan utziz, horrela krisi klimatikoaren ondorioak kaltetuko ez bagintuzte bezala. Gauza jakina baita interes ekonomikoak beti gizateriaren ongizatearen gainetik egon direla.

Lehenik eta behin, oraintxe bertan aipatutako perspektibataz hitz egitea gustatuko litzaidake, hau da, multinazionalek, dirudunek eta gobernuek ematen dituzten irtenbide eta hausnarketak, eta ondorioz, komunikabide tradizionaletan, baita eskolan ere edo bestelako lekuetan normalean zabaltzen den ikuspegia. Badirudi, herritarrok birziklatzen badugu, noizean behin erabaki indibidualekin laguntzen badugu eta beharbada energia-iturri berriztagarrietara pasatzen bagara dagoeneko aldaketa klimatikoaren ondorio katastrofikoak saihestu ditzakegula. Alabaina, horrek ez luke ia ezer aldatuko edonolako industriek eragindako hondamendiarekin alderatzen badugu. Kontsumo abiadura ez bada aldatzen berdin du energia «garbia» den ala ez, zaborrak eta kalteak hor jarraitzen dutelako. Zergatik leporatzen zaio gizabanakakoari etengabean krisi klimatikoa? Ideia zabaldua delako kontsumitzaileak haren erabakien bidez merkatuaren tendentzia aldatu dezakeela. Baina, ez al da jadanik kontsumitzailearen erabakia bideratu marketing eta etengabean sortzen diren beharrekin? Kontsumitzaileak ez du haren berezko beharrean erreparatzen erosteko orduan, baizik eta aurretik jaso duen publizitatez eta momentuko sistemaz guztiz eragindua izango da, sistema bat osatzen duten pertsona oro honen ondorio zuzena dira eta, nahi ala ez. Alegia, kontsumo-gizartea sortu zenetik argi dago ekoizpen masiboak, kontsumismoak eta etengabean sortutako alferrikako beharrek gidatzen dutela gizartea eta noski, hau ezin da soilik borondatearen bidez aldatu. Kapitalismoak sortzen dituen zikloak erreproduzitzen ditugu eta, jakina, ez dugu hauek puskatzeko tresnarik, gutxienez eskuragarri. Horrez gain, gelan aipatu dugun bezala, energia-iturri berriztagarrien itxura oso polita izan arren, ingurumena ere kutsatu eta kaltetzen dute, espezieen habitata suntsituz, herriak hondoratuz eta zabor elektroniko gehiago sortuz, besteak beste. Energiaren jatorria garrantzitsua bada ere, funtsezkoena  ekoizpena murriztea da, zentzu guztietan, kontsumo ohiturak eta aberastasuna pilatzearen nahiak lurra pikutara bidaltzen ari baita.

Gaiez aldatzeko, gainpopulazioaz arituko naiz eta ea benetan arazoa pertsona kopurua den ala gainekoizpen eta baliabideen banaketa okerragatik den, eta horrexegatik ematen dira gainpopulazioari atxikitzen zaizkion ondorioak. Azken urteotan emandako garapen ekonomikoagatik, industrialagatik eta medikuntzan egindako hobekuntzengatik eman da sekulako hazkundea giza espeziean. Hala ere, pertsona kopurua handitzeak ez du esan nahi hauen bizi kalitatea hobetu denik inolako baliabiderik ez badute, ezta bizirauteko ondasunik ere. Herrialde askotan, jaiotze-tasa asko handitu da medikuntzan egindako aurrerapenei esker, baina gero ez dute haien haurren beharrak asetzeko gaitasunik. Liburuan bertan aipatzen da herrialde bakoitzak jasate-ahalmen bat daukala, lurralde batek erabilgarri duen baliabide kantitatearen eta hauek berritzeko ahalmenaren araberakoa. Aitzitik, dagoeneko globalizazioari esker jasate-ahalmen hau ez da zure herrialdearen eskugainen araberakoa, baizik eta besteei zenbat lapurtzeko prest zaudenaren araberakoa da, seguru aski hango langileak ia esklabo bihurtuz ere. Azkenik, gainpopulazioaren ondorioetan erreparatuz, hainbat aipatuko ditut: baliabideak agortzea, hondakin kantitatea areagotzea, baliabideengatiko gatazkak areagotzea… Ez ote da hau, funtsean, berotze globalak eta beraz, giza jarduerak eragiten dituen ondorioak? Gainpopulazioak prozesu hau azkartu dezake kasu honetan, ondorio latz guztiak ikusi arren, ekoizpen abiadura eta kopurua bera izaten jarraitzen duelako, baina gainpopulaziorik gabe ere, gauza bera gertatuko litzateke. Orduan, kendu dezagun arreta pertsona kopuruan eta genozidio ideiak ahaztu, eta goazen arazoa identifikatzera: kapitalismoa, ondasun pilaketa, ekoizpen masiboak, kontsumismoa, eta abar.

Bukatzeko, agerian geratu denez, ez naiz ondorioetan gehiegi zentratu, baizik eta funtsean arazoa zein den identifikatu dut, nire aburuz desegokiak diren iritziak ezeztatzeaz aparte. Horrelako kontuetan oso erraza da bakoitzak euren burua erruduntzea eta bete-betean erantzule sentitzea, eta guztiz gezurra ez den arren, etorkizun beltz bat aurrean edukitzeak ez dut uste arazoa maneiatzen laguntzen digunik, baizik eta ikusle pasibo bihurtzen gaitu. Zilegi da kontraesan batean bizitzea, hau saihesten eta ikusten dugun bitartean. Xelebrea da nola film apokaliptiko honi bukaera zoriontsu bat eman nahi diogun, mundua lehenengo aldiz arazo baten aurrean behingo batez ados jarriko balitz bezala, bestelako gerretan edota liskarretan gertatu ez den arren. Gizakiaren beste ideia ideal eta utopikoa da. Orduan, zertarako amestu ezinezkoa denarekin? Beno, utopia helburua da, erreferentzi bezala hartzen dugu bidaia bat hasterako orduan, eta aurrera egiten badugu ere, ez da inoiz izango helmuga; gauza da aurrera egitea, beti egongo da zer eginik bide bukaezin honetan.

Bitartean, pelikulak jarrai dezala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!