Asfaltatze eta hobekuntza lanak, Astigarragako hainbat puntutan

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 28a, 00:00

Astigarragako hainbat puntutan, asfaltatze eta hobekuntza lanak hasi dira.

Egoera txarrean zeuden bideak konpontzeko lanak hasi dira. Besteak beste, Txoritokietako bidean, Bidebitarte poligonoan eta Donostia Ibilbidean. 

Astigarragan, asfaltatze eta hobekuntza lanak hasi dira, hainbat puntutan. Izan ere, egoera txarrean zeuden bideak konpontzeko lanak egiten hasi dira, herrigunean eta landa-eremuan, hain justu. Alde batetik, zolatze lanak egingo dira Txoritokieta bidean, beste hobekuntza-lan batzuekin batera, hala nola, ura biltzeko kutxatilak jartzea. Bestalde, Astigarragako Udalak jakinarazi du, Donostia Ibilbideko eremu batean eta Bidebitarte industrialdean zolatze eta margoketa lanak bideratuko direla.

Duela bi aste hasi ziren Txoritokietako landa bideak konpontzen. Excavaciones y Tranportes Orsa S.L. da lan horiek egiteko ardura duen enpresa, eta Udalak dio, aurrekontua 70.219,40 eurokoa dela. Konponduko den lehenengo gunea, Mendoia baserritik, Usategieta baserriraino doana izango da, eta ondoren, Usategieta baserritik Sagarlore hotelera arteko lanak ere egingo dira.   

Herrigunean ere, obrak
Bestalde, Astigarragako herrigunean ere hasi dira aste honetan Bidebitarte industrialdeko gune bat asfaltatzeko eta hobetzeko lanak. Donostia Ibilbideko errepidean ere laster hasiko dira lanean. Herriguneko obrek 3 asteko iraupena izango dute eta, hala den neurrian gauez egingo dira, eragozpenak gutxitzeko. Lan horien aurrekontua 66.132,94 eurokoa da (BEZa kanpo) eta lan horiek egiteaz Asfaltos Urretxu S.A enpresa arduratuko dela azaldu du Astigarragako Udalak.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!