2020garren urtetik hona, osasun krisiak Astigarragako ekonomian eta enpleguan eragin nabarmena izan duela azaldu du Udalak. Hau kontutan izanik, Udalak Covid-19 Udal Plana onartu zuen 2020ko maiatzaren 26an. Plan honek hainbat ekimen aurreikusten ditu tokiko ekonomiari eusteko batik bat. Alde batetik, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduei zuzendutako neurriak, eta bestetik, zaintza, sektore feminizatuak eta enplegu arloari zuzendutakoak.
Zentzu horretan, 2021 ekitaldirako ere zenbait egitasmo prestatzen ari da Udala. Izan ere Tokiko Gobernu Batzarrak joan den astean bi dirulaguntza deialdi onartu zituen; bata, inbertsioak diruz laguntzeko, eta bestea alboko kalteak arintzeko. Oraingo honetan gainera, dirulaguntzarik jaso ez duten sektore eta autonomoak lagundu nahi ditu Udalak, eta aurreko deialdian kontuan hartutakoez gain, sektore hauek lagunduko ditu: kultur eta sormen industrien arlokoak, turismo sektorekoak, bezeroen etxebizitzatan lan egin duten ofizioetakoak, etxeko langileak edota ezinbesteko zerbitzuak eskaintzen dituzten autonomoak eta mikroenpresak. Astigarragako Udalak, horretarako 103.950 euroko aurrekontua bideratuko du.
Eskaerak hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira, oinarriak GAOn argitaratu eta biharramunetik hasita. Orduan jarriko da informazio guztia eta eskaera orriak eskuragarri Astigarragako Udalaren webgunean.
Aurreko hilabeteotan abiatutako ekimenen inguruko informazioa Kronika.eus en aurkitu daiteke