Mundarrok bosgarren amaitu du denboraldia, Rotetari 0-1 irabazita

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 22a, 00:00

Herreran jokatu zen partiduarekin denboraldia amaitu dute bailarako talde guztiek. Bigarren taldeko eta jubenilen laguntza izan zuten.

Asteburuan Mundarroren talde nagusiaren azken partiduarekin, futbol denboraldia amaitu da bailarako talde guztientzat. Preferente mailako taldeak 0-1 irabazi zuen Herreran, Rotetaren aurka bosgarren eta seigarren postuak erabakitzen zituen partiduan. Emaitza honekin astigartarrek bosgarren amaitu dute ezohiko denboraldia. 
Bosgarren postuaren lehiarako taldeak bigarren taldeko eta jubenilen laguntza izan zuen partiduari aurre egiteko. Partiduaren hasieratik Astigarragakoek partiduan agindu zuten eta etxekoek baloia lapurtu eta trantsizio azkarren bidez kontrako atea bilatu nahi zuten bitartean. Astigartarrek jokaldi politak gauzatzea lortu zuten, bestetik baloiak galdu zituzten leku arriskutsuan, baina ez zuten ondoriorik izan.

Koldok sartu zuen bigarren zatian gol bakarra
Bigarren zatiak bide beretik jarraitu zuen baina hogeigarren minutuan Koldok korner baten ondorengo bigarren jokaldian partiduko lehen eta gol bakarra sartu zuen. Hortik aurrera moreek espazio gehiago aurkitu zituzten mina egiteko eta bigarren gola gertuago egon zen berdinketa baino. Amaierara arte kontrolpean eraman zuen partidua Astigarragako talde gazteak. Hamaikakoa ondorengoa izan zen: Aiant, Agote (Koldo), Oiartzun, Zabala (Zubiarrain), Castaño (Prior), Pedron (Ivan), Ugarte (Iraitz), Oier, Beñat M. (Luis), Ander M. (Garziandia), Marcos.
Garaipen honekin Mundarrok kategoriako bosgarren postua lortu du, asko baloratzeko lorpena edukitako arazo guztien ondoren. Lorpen honetarako ezinbestekoak izan dira alde batetik jokatu duten 36 jokalari ezberdinen aportazioa eta bestetik beheko kategoriako entrenatzaile ezberdinen lana.
Bestetik, Zubipen azken partidu bat jokatu zen. Añorgak eta Allerruk Lehenengo Jubenil mailako finala jokatu zuten igandean eta lezoarrak irten ziren txapeldun, 0-1 irabazita.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!