Rap doinuek hartuko dute Erribera larunbat arratsaldean, lau talderen kontzertuarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 21a, 00:00
Northcousin rap taldea.

Kontzertu berezia antolatu du Astigarragako Udaleko Gazteria Sailak, larunbat honetarako. Rap doinuak ekarriko dituzte Erribera kulturgunera, lau talderen eskutik: SNKT, Rushblacka, Northcousin eta Tibetan Clan.

Arratsaldeko 18:30etan hasiko da kontzertua, eta sarrerak dagoeneko salgai daude, 6 euroan, Zipotza tabernan eta Gazte Informazio Gunean (Erribera). Kontzertuaren egunean bertan, ordubete lehenago jarriko dituzte salgai azkeneko sarrerak, Erriberako takillan.


Ekainaren 28an, 'Lurrun minez' antzezlana

Eta beste emanaldi batekin itxiko dute ekaineko kultur ekitaldien agenda, Astigarragan. Izan ere, ekainaren 28an, Lurrun minez antzezlana eskainiko dute Erriberan, LGTBI+ pertsonen Es­kubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Arratsaldeko 19:00etan izango da. 16 urtetik gorakoei zuzendutako emanaldia da, eta sarrerak dagoeneko salgai daude: astigarraga.eus webguneko Sarrerak erosi atalean; eta Erriberan bertan, arratsaldez baka­rrik, 16:00etatik 20:00etara. Hel­duen sarrerak 4 euro dira, eta adin txikikoenak 2 euro.

«Hiru maritxuren arteko dra­­ma psikologiko, sozial eta sexuala» da Lurrun minez antzezlana, gizonezkoen sauna batean gertatuko dena. Lurrun artean nahastuko dira desioak eta bel­durrak, alkohola eta pasioa, bo­terea eta beste hainbat gai labainkor; baita umorea ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!