Herriartekoaren finaletik kanpo geratu da Astigarraga, bueltakoan bi partidu irabazi arren

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 20a, 00:00
Garaipena lortu zuten Jokin Santxezek eta Harri Loidik, baina ez zen nahikoa izan.

Jubenilen eta nagusien mailako partiduak irabazi zituzten astigartarrek Txomiñenen, baina ezin izan zioten buelta eman, Azpeitiak joanekoan lortutako tantoen abantailari.

Oso zaila zeukan Astigarragak, Gipuzkoako Herriarteko Txapel­ketaren finalera sailkatzea; baina ez ezinezkoa. Kontuak, ordea, nahi baino lehenago okertu zitzaizkien: aurreneko bi partiduak jokatuta, tantoetan aldea haunditzea lortu zuen Azpeitiak, eta erabakigarria izan zen hori azkenean. Astigarragak bi partidu irabazi zituen atzo Txomiñenen, semifinaletako bueltako­an; baina txapelketatik kanpo geratu da, tantoak zenbatuta.

Kalkuluak eginda zeuzkaten: gutxienez bi partidu irabazi, eta 11 tantoren aldeari eman behar zioten buelta astigartarrek. Baina kalkulu horiek okerrera egin zuten, kadete eta jubenil mailako partiduak jokatuta. Aurrenekoan, Aimar Zabalak eta Xuban Goñik ondo eutsi zioten hasieran, eta Goñik tanto ikusgarriak jokatuta, 5-4 ere izan ziren aurretik. Hortik aurrera, ordea, gehiago izan ziren Labaka eta Egiguren azpeitiarrak, eta apenas lortu zuten bi tanto gehiago egitea asti­gartarrek: 7-22 galdu zuten.

Horri buelta emateko esperantza zeukan Astigarragak ju­beniletan, Eñaut eta Ekain Lizeagaren eskutik; baina kontrako eztarritik joan zitzaien partiduaren hasiera: 0-6 hasi ziren galtzen, Egiguren eta Elosegiren kontra. Eman zioten buelta hasiera kaxkarrari, eta erabat nagusitu ziren gero, baina 21-10 zirela, hiru tanto gehiago lortu zituzten azpeitiarrek (22-13), eta beste koxka bat zaildu zitzaion kanporaketa, Astigarragari: sei tanto egitea nahikoa zuen Azpeitiak, nagusien mailako partiduan, finalerako pasea lortzeko.

Eta espero bezala, berdindua izan zen hirugarren partidu hori. Berehala lortu zuten helburua Alberdi eta Murgiondo azpeitiarrek (9-6), suspense pixka bat ere izan zen arren: 2-5etik 9-5era igaro ziren Harri Loidi eta Jokin Santxez, azpeitiarrek tanto erabakigarria lortu aurretik. Hortik aurrera, bikote bakar batek ez zuen lortu ihes egitea, azkeneko zatian astigartarrak gehiago izan ziren arte: 15-17 galtzetik, zuzen-zuzenean joan ziren 22garren tantora (22-17).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!