Poligonoetako eta etxebizitzetako hondakin bilketak, zehaztuta

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 17a, 00:00

Astearteko Plenoan hala erabakita, Garbitaniak kudeatuko du industriaguneetako bilketa zerbitzua, eta San Markok hiri-hondakinena.

Ezohiko Plenoa egin zuen Astigarragako Udalak, asteartean, presazko bi gai lantzeko zeuzkatela eta: «batetik, uztailaren 1ean jarriko dugu martxan poligonoetako hondakin bilketa zerbitzua, Garbitaniaren eskutik; eta bestetik, hitzarmen berria sinatu behar dugu San Marko Mankomunitatearekin, etxebizitzetako hiri-hondakinen bilketarako. Bi gai horiek denbora behar dute», azaldu zuen Xabier Urdangarin alkateak.

EH Bilduren botoekin onartu ziren bi gaiak. Industriaguneetako hondakin bilketa zerbitzuaren kasuan, kontra bozkatu zuten EAJk eta PSE-EEk, ez daudelako ados Garbitaniaren kudeaketarekin. Etxebizitzetako hiri-hondakinen bilketari dagokionez, berriz, abstenitu egin ziren EAJ eta PSE-EE, San Markori poligonoetako bilketa kendu zaiolako, hain justu. Alkate­ak azaldu zuenez, San Markok bihar egingo du batzarra, hitzarmena onartzeko; eta asmoa da, datorren astean sinatzea hitzarmena, Udalak eta San Markok.

Bi puntu horien aurretik, beste bi ere landu zituzten. Hasteko, 2020ko kontu orokorrari eman zioten behin betiko onarpena. EH Bilduk eta PSE-EEk bozkatu zuten alde, eta abstenitu egin zen EAJ.

Eta ondoren, Santiomendiko natur eskola eta aterpetxe zerbitzuaren kontratazioa izan zuten hizpide. Aterpetxea ustiatu, mantendu eta garbitzeko zerbitzua esleituko du Udalak, eta baita ingurumenean jarduera naturalak antolatzekoa ere. Ikasturte batekoa izango da iraupena, beste hiru ikasturtez luzatzeko aukerarekin. Lau ikasturte horietarako, 249.998,10 eurokoa izango da aurrekontua. Plenoan onartu zituzten baldintza teknikoak eta administratiboak, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EAJren abstentzioarekin. Eta beraz, esleipen prozedura hasiko dute.

 

Santa Ana eguna, herriko jaieguna 2022 urtean

2022rako herriko jaieguna ere izendatu zuten Plenoan. Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen egutegian, jaieguna da Santio eguna, eta beraz, proposatu eta aho batez onartu zuten Santa Ana eguna izatea Astigarragako jaieguna, 2022an.

Eta bukatzeko, aho batez onartu zuten EH Bilduk aurkeztutako adierazpen instituzio­na­la, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunari buruzkoa. Horren bitartez, konpromisoa hartu du Udalak, LGTBI pertsonen kontrako indarkeriaren aurrean erakundeen koordinazio, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatu eta abian jartzeko; haien eskubideak bermatzera bideratuta neurriak aktibatzeko; LGTBI pertsonen kontrako gorroto-diskurtsoak identifikatzeko mekanismoak ezartzeko; haur eta nerabe transexualak babesteko neurriak ezartzeko; edota indarkeriaren biktima izan eta egoera oso zaurgarrian dauden LGTBI pertsonentzako harrera-es­pazioak sortzeko. Gainera, salatu eta gaitzetsi dute aurreko astean Basaurin izan zen erasoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!