Gaur egingo du ekaineko Plenoa, ezohiko deialdian, Astigarragako Udalak. Arratsaldeko 19:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan; eta bederatzi puntu dauzkate lantzeko. Horietatik gai nagusiak, gai berari buruzkoak izango dira: hondakin bilketa zerbitzuaren ingurukoak.
Izan ere, Plenoko laugarren puntuan, hizpide izango dute herriko industrialdeetako hondakinen bilketa zerbitzua: Garbitania Zero Zabor sozietate publikoaren bitartez kudeatzea da Udal Gobernuaren proposamena. Eta segidan, herriko etxebizitzetako hondakinen bilketa zerbitzuaz ariko dira. Kasu horretan, Udalaren eta San Marko Mankomunitatearen artean hitzarmena sinatzea izango dute eztabaidagai Plenoan.
Bi puntu horien aurretik, 2020ko kontu orokorra aurkeztuko dute Plenoan, eta kontratazio espediente bati buruz ere ariko dira: Santiomendiko natur eskola eta aterpetxe zerbitzuarena, hain justu.
Eta hondakinen bilketaren ondoren, beste lau puntu izango dituzte lantzeko. Hasteko, Astigarragako Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko araudiari buruz ariko dira. Martxoko Plenoan onartu zuten araudia, eta alegazioak aurkezteko epea igarota, horiei erantzuna eman eta behin betiko onartuko dute gaurko Plenoan.
2022rako herriko jaiegunaren izendapena ere izango dute hizpide gaurkoan. Eta azkenik, adierazpen instituzional bat aurkeztuko dute: LGTBI Nazioarteko Egunari buruzkoa.
Horren ondotik, informazio, galdera eta eskarien puntuarekin emango diote bukaera.