Bihartik aurrera izango dute aukera astigartarrek, kiroldegiko igerilekuaz gozatzeko. Bihar irekiko dute, eta irailaren 19ra arte egongo da zabalik, astelehenetik igandera, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara.
Funtzionamendua, ordea, ez da ohikoa izango, egungo egoerara egokitu baitute. Horrela, hiru txanda izango dira egun bakoitzean, bakoitza hiru ordu ingurukoa: 10:00etatik 13:00etara izango da aurreneko txanda, 13:15etatik 16:30etara bigarrena, eta 16:45etatik 20:00etara hirugarrena. Batetik bestera, ordu laurdeneko tartea utziko dute.
Igerilekura sartu nahi duenak, gainera, hitzordua eskatu beharko du aurretik, internet bidez: astigarraga.eus/eu/kirola. Erreserbak egin ahal izango dira banaka edo familian; baina familiakoak bakarrik egin ahal izango dituzte bizikidetza unitate berekoek, eta izan beharko dira gutxienez hiru lagun eta gehienez sei.
Gainera, 2010 urtean edo beranduago jaiotakoek, heldu batekin batera sartu beharko dute igerilekura.
Eta jakinarazi dutenez, erreserba bat daukanak, hori pasa arte itxaron beharko du, beste erreserba bat egin ahal izateko.
Gehienez ere 86 pertsona, hiru igerilekuen artean
Aforoa mugatua izango da, eta gehienez ere 86 pertsona sartu ahal izango dira guztira. Igerileku bakoitzeko ezarri dute muga: igerileku txikian 10 pertsona, ertainean 14, eta haundian 62. Aforoa mugatua dela eta, jakinarazi dute igerileku txikia 4 urtetik beherakoentzat bakarrik izango dela, eta 5-8 urtekoek igerileku ertainean bainatu beharko dute, heldu baten laguntzarekin. Erabiltzaile bakoitzaren bainu denbora ere mugatuko dute, aforoa gainditzear denean: 15 minutukoa izango da, bainu aldi bakoitzeko. Eta erreserbatutako denbora amaitzean, instalazioetatik atera beharko dute erabiltzaileek.
Gainera, segurtasun neurri guztiak errespetatu beharko dituzte: musukoa jantzita eraman, uretara sartzeko momentuan izan ezik; 1,5 metroko tartea errespetatu; Covid sintomarik izanez gero, etxean gelditu; desinfekzio neurriak bete... Takillak erabilgarri izango dira.