Aurtengo denboraldi bikaina borobildu nahi du Mundarrok gaur, nesken Gipuzkoako bigarren mailan: finala jokatuko du Zarauzko Antonianos kiroldegian, arratsaldeko 19:00etan hasita. Aurrean izango du etxeko taldea, Zarautz, ligako txapeldun izateko lehian.
Aurreneko fasean, bere multzoko bigarren izan zen Mundarro, sei partidutik lau irabazita; eta horrela, onenen multzoan aritu zen azkeneko fasean, Zarautz, Askatuak eta Internacionalekin batera. Eta maila ederrean aritu ziren astigartarrak: 51-54 menderatu zuten Internacional, eta 33-44 Askatuak. Zarautzen kontra jaso zuen porrot bakarra, baina oso alde txikiarekin: 50-53 galdu zuen, Astigarragan. Partidu hartan, hasiera izan zen erabakigarria: 2-18 aurreratu ziren zarauztarrak, lehenengo laurdenean. Alde hori murriztu zuten astigartarrek, eta baita markagailuan aurreratu ere, bi minuturen faltan (48-46); baina galdu egin zuten azkenean. Hobeto hasi eta garaipena lortzeko gogotsu joango dira gaur, final haundira.