Urrian zen egitekoa artisau azoka, baina Covid-19ak eragindako egoerak, plana atzeratzea ekarri zuen. Astigarragako Kultura sailak antolatutako azoka izango da gaurkoa, eta jakinarazi dute lehentasuna herrikoei emango zaiela; «gertuko azoka bat izatea nahi dugu, eta eskualdekoak ere parte hartzera gonbidatu ditugu noski. Gainera esan beharra dugu, Donostialdeko jendea ere animatu dela. Hala ere, esan bezala, gaurko azoka gertukoa da eta artisautzan oinarritua».
Dozena bat postu izango dira artisautza azoka osatuko dutenak, eta bertan, aukera izango dute astigartarrek, goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara edo arratsaldeko 16:30etatik 20:00etara bitartean azokatik pasa, oihalezko lanak ikusi eta erosteko. Bertan aurkitu daiteke euskal argentinar gozogintza, bitxiak, etxean estanpatutako poltsak, moda jasangarria, teknikarekin egindako artelanak eta oihalezko txontxongiloak, besteak beste.
Urumea bailarako lau artisau izango ditugu gaurkoan, hiru astigartar eta bat hernaniarra, honako hauek izanik: Maitane Atuenza hernaniarra, eta Naiara Subiza, Alejandra Pallero, Imanol Villena eta Visi Herrero astigartarrak.
Maitane Atuenzak, makramea eta alpakazko alanbrearekin egindako bitxiak salduko ditu artisau azokan; «harri naturalak erabiltzen ditut lepokoak, eta bitxiak egiteko».
Naiara Subizak, haurretan zentratuz, eskulanei emango die indarra eta materialarekin, bertan norberak nahi duena egiteko aukera eskainiko du.
Enpanada veganoak. Alejandra Pallero
Alejandra Pallerok, euskal argentinar gozogintza eramango du Joseba Barandiaran plazara; «gainera etorkizun batean, honelako denda bat irekitzea daukat buruan, badagoelako Astigarragan gozogintzan, nolabaiteko hutsunea».
Imanol Villenak, teknikekin egindako artelanak jarriko ditu artisau azokako mahaiean; «hemen ez da hain ezaguna nik erabiltzen dudan teknika, Gaudirena da, Katalunian oso ezaguna gainera. Mosaiko antzerakoak egiten ditut, eta koadro gisa gelditzen dira».
Azkenik Visi Herrerok, oleo margo lanak jarriko ditu astigartarren eskuetara, eta aipatu du, berak etxean estudio bat duela, «bertan egiten ditut nire pinturak. Asmoa daukat, edo hobe esanda, nire nahia da Astigarragan erakusketa bat eskaintzea, eskuz nik etxean egin ditudan lienzoenak, hain justu.
Goiz eta arratsaldez, Artisau Azoka
Gaur, goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara bitartean egongo da azokara bertaratzeko aukera, eta arratsaldean, bigarren txanda bat ere egongo da, 16:20etatik 20:00etara.
Astigarragako Kultura sailak azaldu du, etorkizun batean ere artisau azoka antolatzen jarraitzeko asmoa daukatela, eta noski parte hartzaile zein laguntze gisa jardun duten guzti haiei, eskerrak eman nahi izan dizkiete.