Astigarragak finalerako lehenengo pausoa eman nahi du gaur Azpeitin

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 11a, 00:00

Kadeteek partidu zaila izango dute Azpeitin.

Orain bi urteko finalaren errebantxa nahi dute azpeitiarrek, baina astigartarrek talde sendoa dute.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan Azpeitiak eta Astigarragak finalerdietako joaneko partiduak jokatuko dituzte gaur,  18:30etan hasita, Izarraitz frontoian.  Astigarragak finalerdietarako pausoa eman zuen aurreko astean Tolosa gaindituta, Azpeitiak berriz Hernani kanporatu zuen.

Pasa den urtean ez zen Herriartekorik jokatu eta orain bi urteko azken txapelketan Astigarragak irabazi zuen finala Azpeitiren aurka. Beraz, azpeitiarrek errebantxa nahiko dute eta Astigarragak finalera nahi du sailkatu txapela defendatzeko aukera izateko.

Kadeteetan azpeitiarrak dira faborito, eta jubeniletan astigartarrak; beraz, nagusiena izan daiteke gakoa.

Kadeteen mailan Odriozola eta Egiguren azpeitiarrak Zabala eta Goñiren aurka ariko dira lehian; jubeniletan, berriz, Egigurenek eta Labakak ordezkatuko dute Azpeitia eta Eñaut eta Ekain Lizeagak Astigarraga; eta seniorretan Alberdi eta Murgiondo aterako dira kantxara Azpeitiaren izenean eta Astigarraga Harri Loidik eta Jokin Santxezek ordezkatuko dute.

Lehia estua espero da eta oso garrantzitsua izango da tanteoa.

 

Kronika.eus-en zuzenean ikusiko da partidua

Uztarria.eus-en eta Erlo Telebistari esker www.kronika.eus-en zuzenean ikusi daiteke finalerdia. Zuzeneko emankizunean Koldo Aldalur kazetaria eta Jon Alberdi pilotari profesionala ariko dira esatari lanetan.

Astigarragan jokatuko dira itzulerako partidak datorren asteburuan, eta finalera sailkatzen diren bi herriek jokatuko dute 2021eko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala ekainaren 26an. Beste finalerdia Alegiak eta Oiartzunek jokatuko dute. Joanekoa bihar, Alegian eta itzulerakoa Oiartzunen.

 

Gaur ere Mendialdeko finalak eta Umore Ona txapelketa

Bestetik gaur Goizuetan Mendialdeko hiru final jokatuko dira, 17:00etan hasita, eta bertan, Kimu 2 mailan Garmendia eta Salaberriak, Oreja eta Apalantzaren aurka finala jokatuko dute. Asteburuan zehar ere final gehiago izanen dira. Mendialdeko finalak behin amaituta Umore Ona txapelketako hiru partidu jokatuko dira gaur.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!