Eskola Agenda 2030eko Udalbatza berezia gaur, pleno aretoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 10a, 00:00

Goizeko 11:00etan hasiko da, eta Herri Eskolako zenbait ikaslek ikasturte honetan egindako lanaren emaitzak azalduko dituzte. 

Eskola Agendaren 2030eko Udalbatza berezia izango da gaur, Udaletxeko udalbatza aretoan, 11:00etan. Bertan, Herri Eskolako zenbait ikaslek ikasturte honetan zehar egindako lanen emaitzak azalduko dituzte. Hain justu, ikasturte honetan, Agendako 15garren Garapen Iraunkorreko Helburuaren baitan, basoak gaia landu dute astigartarrek. 

Basoa hizpide, hainbat alderditatik jorratu dute gaia
Gaia erdigunean jarrita, alderdi askotatik heldu dute egitekoa: batetik, curriculumari dagokionez, bertan sortzen diren arazoak landu dituzte; bestetik, ikastetxearen kudeaketa aztertu dute eta horren gainean, hobekuntzak proposatu dituzte; eta, azkenik, herriaren egoera aztertzeko hainbat kanpo jarduera ere egin dituzte.

Proposamenak eta emaitzak, Udal ordezkariei
Aipatutakoaz gain, herriaren eta jendartearen egoera aztertzeko, Astigarragako kaleetatik barrena, bestelako hiru jarduera ere egin dituzte ikasleek. Horien helburua izan da lehorreko sistemak ezagutzea, egoera aztertzea eta onura nahiz kalteen gainean hausnartzea.


Azken horren bueltan, jarduera horren berri emango dute gaurko saioan. Udal arduradunak izango dira Udalbatza berezi honetan, eta herritarrak ere gonbidatuta daude. Orain arteko ondorioak azalduko dituzte gazteek; eta, gainera, ikasleek hartutako ondorioak eta herriaren hobekuntzarako proposamenak ere aurkeztuko dituzte. 


Horren ostean, Udal ordezkariek eskaerei erantzuna emango diete, eta herritarrek ere gaiari buruzko iradokizunak edo galderak egiteko tartea izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!