Elkarrekin ehuntzeko eta gozatzeko espazioa, Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 8a, 00:00
Emakumeon Plazan dute hitzordua astigartarrek.

Ostegunean, literaturaz gozatzeko aukera izango dute astigartarrek, eta larunbatean, espazio publikoan ehuntzeko munduko eguna ospatuko dute. 

Espazio Publikoan Ehuntzearen Nazioarteko Eguna da larunbatean, ekainaren 12an. Hari horri tiraka, 30 elkartek baino gehiagok #Puntuetakitto jarriko diote indarkeria sexistari, Euskal Herriko 14 herritan. Ehuntzeko txokoak sortuko dituzte eta, ondoren, ehundutako zati guztiak Astigarragako Matazak Indarkeria Sexistaren Kontra erakundeak 8 urtetan zehar sortu duten 7kmko begizta kolektiboari gehituko zaizkio.

Hainbat dira aldarrikapen eta jai ekitaldi honen helburuak, hala nola, belaunaldien arteko loturak sortzea emakumeen artean; eremu publikora ateratzea emakumeak; lanen atzean dagoen jakinduria eta savoir faire guztia ikusaraztea; elkarguneak sortzea auzoko bizilagunen arteko loturak sortzeko;  eta azkenik, auzoa eraikitzeko eta ehuntzeko hurbiltasuneko harreman afektiboei balioa ematea.

Mugimendu hau Pasaian jaio zen, bi lagunen arteko bertako ekimen baten modura: Lalocadelacasako Oihana Merino eta Adinkide GKEko Blanca Caballero. Antolatzaileek diote, ehunketa ez dela hari eta artileak ehuntzea soilik; «ehunketa esanahi zabaleko hitza da: Gure herri eta auzoko emakumeen arteko elkartasuna, laguntza, baliabideak, proiektuak, ikasketak, harremanak ehundu». Loturak ehuntzearen ekintza honetan, Adinkide GKEk, 4 urte daramatza Gipuzkoan, auzoetako bakardadea ekiditeko adin guztietako pertsonen arteko topaketak sortuz.

Aipatutakoaren bueltan, asteburu honetan, Espazio Publikoan Ehuntzearen Nazioarteko Eguna denez, Astigarragak ere bat egingo du ekimen honekin. Goizeko 11:00etan jarri dute zita, Emakumeon Plazan, eta  eguerdiko 13:00etan emango zaio amaiera. Antolatzaileek, azaldu dute, aukera ona dela harremanak egiteko; «ezagutu itzazu auzokideak, jarri iezaiozu indarkeria sexistari #Puntuetakitto». 


Etzi, 'elkarrekin ehuntzen' 

Horrekin batera, ostegun honetan, Elkarrekin ehundu eta literaturaz gozatzeko espazioa antolatu du, Skolastika Literatura zerbitzuak,  Harituz eta Astigarragako Udalaren laguntzarekin. Arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera, eta bi orduko ekintza izango da, hau da, arratsaldeko 20:00etan emango zaio amaiera. Erribera kulturguneko Kontxa Etxeberria plazan egingo da.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!