Asteazkenean, ibilgailu elektrikoei eta mugikortasun jasangarrirako aukerei buruzko online saioa

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 6a, 00:00

18:00etan hasiko da ekainaren 9an eta eredu berriei buruz herritarrei ahalik eta informazio gehien emango zaie esperientzien berri emanez.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Astigarragako Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, ibilgailu elektrikoei eta mugikortasun jasangarrirako aukeren inguruan informatzeko online tailerra antolatu dute ekainaren 9an, asteazkena, 18:00etan. 

Tailer honen helburua gizartean pixkana txertatzen eta indarra hartzen ari diren mugikortasun jasangarrirako eredu berriei buruz herritarrak informatzea da. Zehazki, gaur egun merkatuan dauden ibilgailu elektrikoen ezaugarri, kontsumo, salneurri, kargatzeko eskakizun eta bestelako alderdiei buruzko informazioa eskainiko da, baita mugikortasun jasangarrirako beste aukera batzuei buruzkoa ere (ibilgailu hibridoak, bizikleta eta patinete elektrikoak, etab.). Era berean, mugikortasun beharrei buruz hausnartuko da, motorrik gabeko mugikortasun-aukerak aztertuz eta ibilgailu elektrikoak partekatzeko dauden esperientzien berri emanaz.

 

Aurretik izena eman behar da sarbidea izateko

Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, aurretik  izena ematea beharrezkoa dute, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik saiorako sarbidea ematea. Izena emateko, honako bideak erabili daitezke: Posta elektronikoa bidaltzea argitu@gipuzkoa.eus helbidera edo honako telefono zenbakira deitzea: 943 16 41 72/605 75 76 87.

Informazio osagarria www.argitu.eus webgunean lortu daiteke.

Internetera sarrera izatearekin nahikoa da, ez da programarik deskargatu behar saioa jarraitzeko. Saioa gazteleraz izango da

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!