Datorren asteartean, Jon Lizarragak argindarrari buruz jardungo du

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 5a, 00:00

Ekainaren 8an arratsaldeko 18:00etan, Jon Lizarraga elektrikaria izango dute Astigarragan, argindarra aurrezteko aholkuak emanez.

Ekainaren 1etik, tarifa elektriko berriak jarri dira, eta hauek herritarren fakturan  eta ohituretan izango du bere eragina. Hau guztia ondo ulertzeko eta aztertzeko asmotan, Astigarragako Zilegi Eskolak, hitzaldi bat antolatu du. Jon Lizarraga hernaniarrak eskainiko du hitzaldi hau, eta bertan, fakturak nola irakurri eta ulertu behar diren azalduko du, baita etxeko gastuak nola murriztu ere... Hau da; «etxeko kontsumoan nola aurreztu eta argiteria egokiena aukeratzeko aholkuak emango ditu» Jon Lizarraga elektrikariak.

Asteartean, hitzaldia

Asteartean jarri dute zita, ekainaren 8an hain zuzen. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da antolatutako hitzaldia, eta 20:00ak arte iraungo du. Astigarragako AEKren Nabarra Oñatz kaleko lokalean eskainiko da astearteko saioa, eta antolatzaileek azaldu dute, aurrez izena eman behar dela. Bi modu daude horretarako, 663 043 314 telefonora deituta edo zilegieskola@aek.eus helbide elektronikora idatziz. Zilegi Eskolak, herritarrei bertaratzeko deia egin die.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!