Bihar Andre Gobadarien ibai parkea garbituko dute herritarrek, eta ikasleek aldiz datorren astean

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 4a, 00:00

Ingurugiroaren Nazioarteko Eguna da bihar, eta horren harira, herritarrek Andre Gobadarien ibai parkea garbituko dute, goizeko 10:30etatik 13:30etara bitartean. Gaur Herri Eskolako ikasleek egingo zuten garbiketa atzeratu egin da.

Biharko Ingurugiroaren Nazioarteko Egunaren harira, printzipioz, datorren asteazkenean Astigarragako Herri Eskolako lehen hezkuntzako ikasleek, Astigarragako ibaiadarren garbiketa egingo dute. Gaur ziren egitekoak, baina eguraldia dela eta, egunez aldatu dute. Lehen Hezkuntzako ikasle guztiak hartuko dute parte garbiketan, LH1etik LH6ra. Guztira 355 ikaslek hain justu. Petritegi, Oialume, Galtzaur, Mundarro eta Goiko Iturri errekak garbituko dituzte ikasleek. 

Bihar berriz, Astigarragako herritarrek Andre Gobadarien ibai parkea garbituko dute, Ingurugiroaren Eguna dela eta. Biharko garbiketa, goizeko 10:30etan hasiko da, eta 13:30etara arte iraungo du. Adin guztietako pertsonei zuzenduta dagoen ekintza izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. 
Udaka eta GAEA elkarteak elkarlanean antolatutako ekimen honek, erreka ertzean, errekan eta parkean zehar dauden hondakinak biltzea du helburu nagusia. Horrez gain, dagokion sailkatze plantara eramango dira. 

GAEA elkartea 
Elkartearen helburua itsas ingurunearen defentsa eta babesa sustatzea, eragin antropogenikoa murriztea eta itsas bizitzaren kontserbazioa bultzatzea da, gizartearen sentsibilizazioaren, kontzientziazioaren eta dibulgazioaren bidez. Ingurunearen babesean bakarkako ardura eta eguneroko ekintzek duten eragin haundia dela helarazi nahi dio GAEA elkarteak gizarteari.

'Zabor Harrapakariak' 
Zabor Harrapakariak da GAEA elkartearen azken proiektua, eta honen ardatzak dira; «sentsibilizazioa eta garbiketa ekitaldi bat». Proiektu honek, herritarren partaidetza sustatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020an emandako dirulaguntza jaso zuen, eta baita Astigarragako Udalaren onespena eta ekimena antolatzeko prestutasuna ere.  Izan ere, ekimena Udalaren hondakinen kudeaketarekin bat dator, Udala, herriguneko hondakinetan ez ezik, parke, ibai, erreka eta gainerako espazioetan ere, «hondakinen kudeaketa egokia egiten saiatzen baita».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!